Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara lanak aurkezteko aukerea zabalik

Bizkaie! 2019-06-21 08:20   Kulturea

Soziolinguistika sarien XII. edizinoan barrikuntzak izango dira. 

Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibersidadea alkarlanean arduratu dira antolakuntzaz eta Txillardegi – Hausnartu izena emongo jako aurrerantzean deialdiari, soziolinguista donostiarraren omenez.

2008. urtean sortu zanetik, lehiaketearen helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta barrikuntzea da. Euskal soziolinguistikeagaz ikerlarien lana bultzatzea eta beste hainbat ikerlari be euskal soziolinguistikearen eremura batu gura dira. Euskerearen soziolinguistika arloko ikerketea zein hausnarketa lanak aurkeztu daitekez sarietara, beti be oinarri zientifikoa dabenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proponiduten dituenak izanik. Diziplina desbardinetako lanak izan daitekez, besteak beste, soziologiakoak, hizkuntzalaritzakoak, zientzia politikoetakoak, psikologiakoak, antropologiakoak edo komunikazio-zientzietakoak.

Txillardegi – Hausnartu Saria izenagaz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da. Txillardegik, besteak beste, unibersidadetik euskerearen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eregiten egin eban lan. Hogei urtez izan zan Euskal Herriko Unibersidadeko irakasle, 1983/84 ikasturtean Zorroagako campuseko Pedagogia Fakultadean lanean hasi zanetik.

Irakasle lanetan hasi barri zala defendidu eban tesia, gerora Euskal azentuaz liburua izan zana. Azpimarratzekoa da soziolinguistika matematikoaren oinarriak hamabost urteren buruan finkatu zituala izen bereko argitalpenagaz. BAT soziolinguistika aldizkaria sortu eban 1990ean eta zuzendari lanak bete zituan 2002ra arte.


2019ko deialdia

Sarietara lanak aurkezteko baldintzak oinarrietan zehaztuta dagoz. Lanak aurkezteko epemugea 2019ko irailaren 13a izango da.

2019ko edizinoan irabazleentzat diru gehiago izango da sarietan:

• Lehen saria: 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat. 
• Bigarren saria: 1.300 euro.
• Hirugarren saria: 1.000 euro.

Informazino osogarria, zehetasunak eta oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu