Traineruen Eusko Label Ligea zapatuan hasiko da Bilbon

Bizkaie! 2019-06-20 08:53   Kirola

12 traineru onenak izango dira lehian.

Gaur aurkeztu dabe X. Bilboko Banderea eta holan, Eusko Label Ligako hamazazpigarren edizinoari hasierea emongo jako. Azken urteetan legez, Bilbokoa izango da traineruen maila goreneko denporaldiari hasierea emongo deutsona eta beste urtebetez, Eusko Label Ligako 12 ontzi onenak 20 jardunaldietan zehar lehia bizian ibiliko dira CaixaBank Koroa eskuratzeko.

Zapatuan, bagilaren 22an, arratsaldeko 18:00etan, Nerbioi ibaian ainguratuta egongo dan semaforoa berde jarri eta seinale akustikoa entzun orduko, parte-hartzaileek lehenengo arraunkadak emongo ditue. Urteera ordena igazko sailkapenaren araberakoa izango da, eta traineruek minutuz minutu urtengo dabe. Beraz, lehenengo txandan Astillero, Lekittarra Elecnor, Kaiku eta San Pedro lehiatuko dira. Bigarren txandan, barriz, Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi Iberdrola ibiliko dira. Amaitzeko, ohorezko txandan, Orio Babyauto, Zierbena Bahias de Bizkaia, Go fit Hondarribia eta Urdaibai Avia igazko denporaldiko irabazlea lehiatuko dira.

Aurkezpen ekitaldian Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia eta Borja Rodrigo ACTko presidentea egon dira. Rodrigok nabarmendu dau plazer handia dala arraun denporaldi erakargarria Bilbo lako uri batean hastea. Itxaso Errotetak, ostera, Bilbotik kanpora joan barik, maila goreneko kirolaz gozau eta gure itsasadarra bizitzaz beterik ikusteko aukera parebakoa dala autortu du. Esangura horretan, Errotetak gogorarazo dau udalaren helburuetako bat, uriaren ardatz nagusietako bat izanik, itsasadarra eta bere ertzak kalidadezko ekitaldi eta jardueren bitartez dinamizetea dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu