Lekeitioko Kalekak 25 ekintza dakarz

Bizkaie! 2019-06-18 12:44   Kulturea

Kaleka, Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia garagarrilaren 18tik 21era izango da.

Argazkia: Kaleka | Ikusi handiago | Argazki originala

Eraldaketa prozesuan bete-betean sartuta heldu da Kaleka 30. edizinora. Kaleko arteen jaialdi hutsa izatetik kultura eta arte produktore esperientziaduna bihurtzeko bidean da 2016tik, eta aurten beste pausu bat egingo dau, garagarrilaren 18tik 21erako egitarauari esker. Kaleko arte garaikideen sorkuntzatik hur, herriaren egunerokotasunean oihartzuna eta eragina izatea da helburua, baita parte-hartzea be.

Kontuak kontu, 30. urteurrenean 25 ekintza ekarriko ditu Kalekak Lekeitiora, Italia, Frantzia, Txile, Erresuma Batua, Alemania, Katalunia, Galizia, Toledo, Kantabria eta Euskal Herriko konpainien eskutik. Formatu eta hizkuntza ugaritako proposamenak izango dira: keinu-antzerkia, jantzea, zirkua, clowna, esperimentazino espazioa, kabareta, piroteknia, txotxongiloak, instalakuntzak eta abar.

Aurreko urteetan legez, jaialdiak hiru atal nagusi izango ditu: Ofiziala, Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch.

- Kaleka Ofizialean, kaleko arteen askotariko proposamenak egongo dira, publikoak Lekeitioko kale eta plazetan disfrutau daizan. Lokke, Zanguango, Truca Rec eta Lekittoko Deabruak euskal konpainiak dagoz egitarauan, baita Chiara Marchese italiarra eta Txiletik datorren Murmuyo be. Kataluniatik Cia Y tú que pintas eta Zero en conducta etorriko dira, Kantabriatik Createctura kolektiboa, Toledotik 7 Bubbles konpainia, Andaluziatik La Nordika eta Galiziatik Sincronacias.

- Kaleka Scratch atalean, ostera, garapenean edo sorrera prozesuan dagozan lanak batuko ditue, kultura eragile, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko alkarlanerako espazioak eskainiz. Edizino honetan 20 eskaera aurkeztu ziran deialdi zabalera, eta horreetatik bost aukeratu ditue.

- Azkenik, Kalekaz Blai espazioak, urte osora zabaldu nahi dau jaialdiaren eragina, Lekeitioko alkarte eta espazioakaz daukan lankidetzea aprobetxauta. Parte-hartzea bultzatzeko asmoz, aurten, Iturriotz institutuko ikasleek jaialdia sustatzeko bideoak egin ditue, Zine Bilerearen laguntasunagaz. Bestetik, Arropaineko Arragua eta Malekoia txiringitoaren kolaborazinoak egongo dira oraingoan be, Uluak eta AEIOU konpainien ekintzak ahaztu barik.

Informazino gehiago eta egitarau ikusteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu