Miren Arenzana, Sahatsa Jauregi eta Xabier Arakistainentzat Gure Artea Sariak
2019-06-17 13:28 KultureaArte plastiko eta ikusizkoetan euskal sortzaileek egiten daben lana gizarteratzea da helburua.
Eusko Jaurlaritzeak izentautako epaimahai independenteak bere erabagiaren barri emon dau, Bilbon egindako agerraldian. 2019ko Gure Artea Sarietako hiru modalidadeetako irabazleak nortzuk diran azaldu dabe. Epaimahaiko presidente Fernando Golvanogaz batera, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Joxean Muñoz sailburuordea eta irabazleetako bi egon dira, Miren Arenzana eta Sahatsa Jauregi hain zuzen. Hirugarren irabazlea, Xabier Arakistain, ezin izan da Bilbora etorri.
Bingen Zupiriak azaldu dauenez, Gure Artea Sariek helburu nagusi bi ditue. Batetik, arte plastikoen eta ikusizkoen alorretan hemengo sortzaileek egiten daben lan bikaina goratzea. Bestetik, gizartean sorkuntzaz eta euskal artistez berba egin daiten lagundu, ikusgaitasuna emoteko.
Hiru saritu dagoz, beste horrenbeste modalidadetan. Zupiriak argitu dau maila berekoak dirala hiru kategoriak. Miren Arenzana Letamendiri ibilbide osoagaitik emon deutsie Gure Artea Saria, 1980ko hamarkadatik euskal artearen sortzaile nabarmenenetako bat dalako. Golvano epaimahaikidearen esanetan, eskulturea bere mugetatik harago eroan dau Arenzanak, material barriak erabilita eta balio ez daben objektuei bizi barria emonda. Diseinutik eta arkitekturatik hartutako erreferentziak erabilten ditu Arenzanak bere obretan.
Sahatsa Jauregi Azkarate, bestetik, sorkuntza lana autortzeko modalidadean saritu dabe. Sorkuntza artistikoa eta gizarte ikuspegia buztartzen dituan artistea da, inguruko testuinguruak baldintzatzen ditu bere obra guztia zein bere ibilbidean hartutako erabagiak. Fernando Golvanoren esanetan, indibiduala eta kolektiboa bat dira Jauregiren sorkuntzan.
Jauregik berak adierazo dau artisten ofizioa duintzen laguntzen dauela sari honek. Oso momentu gogotsuan dago gaur egun, sortzeko indar handiz: lana da sari honegaitik eskerrak emoteko biderik onena.
Hirugarren saritua Xabier Arakistain Ecenarro da, ikusizko arteak sustatzeko eragileek egiten daben lana autortzeko modalidadean. Batik bat, komisario lanetan ibilten da, eta gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna da bere ardatzetako bat. Antolatzen dituan erakusketa eta ikastaro guztiak parekideak izatea erabagi eban aspaldi.
Edizino honetako epaimahaian, Fernando Golvanoz gan, honeek egon dira: Beatriz Herráez, Gema Intxausti, Iñaki Gracenea eta Maite Martinez de Arenaza.
2019ko Gure Artea Sariak banatzeko ekitaldi ofiziala irailaren 17an izango da, Gasteizko Artium Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!