Bilboko Kalealdiak erakusketea atondu dau Bilboko Metroan

Bizkaie! 2019-06-13 13:18   Kulturea

XX. Kalealdia garagarrilaren 1etik 7ra izango da.

Bilboko Udalak antolatzen dauen Kalealdia,  Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak hogeigarren edizinoa ospatuko dau garagarrilaren 1etik 7ra, eta kalidade maila bikaina eta aniztasuna erakusten dituan eta ikus-entzule guztiakana zuzenduta egongo dan programazinoaagaz egingo dau.

Aurrerapen legez, bihar, formatu handiko 17 panel batzen dituan erakusketea inaugurauko da Bilboko Metroan, hamarkada bi honeetan jaialditik igarotako konpainia garrantzitsuenetako eta ikuskizun deigarrienetako batzuen argazkiakaz.

Erakusketan 17 panel egongo dira ikusgai bagilaren 14tik garagarrilaren 1era Moyuako (Aldundiko urteeran), San Mameseko (Termibus) eta Santutxuko (Zabalbideko urteeran) geltokietan bisitau ahal izango da. Ondoren, garagarrilaren 1etik 15era, Alde Zaharreko (San Nikolas) geltokira eta Moyuako Ertzilla kaleko urteerara eroango dira.

Bilboko Kalealdia 2000. urtean sortu zan. Beste batzuen artean Leandre & Claire edo Els Comediants konpainiak jaso zituan lehenengo edizino haretatik asko izan dira ikus-entzuleek gozau dituen momentu bereziak; holan, oraindino ahaztu barik doguz Transe Express (2004), Royal De Luxe – La Gran Reyneta (2006), Génèric Vapeur (2011), Mystérieuses Coiffures (2012) edo Lurrak eta Nicole & Martin (2016) artisten emonaldiak. Horreetako askok, ikusleek erakusketa honen bitartez gogorarazo ahal izango dituen momentu ikusgarriak itxi euskuezan.

Erakusketeak jasoten dituan argazkien artean Transe Express konpainiaren Altzairuzko zaldia edo 2004an Bilboko gaua argitu eban Los Reyes Vagos ikuskizunean erabilitako garabi erraldoia ikus daitekez. Arenaleko kaian Botproject taldeak 2010ean egindako ezinezko saltoak eta akrobaziak; 2011n, Bilboko Kale Nagusitik Arriaga plazarainoko bidea egin eban ikuskizun zaratatsua, Génèrik Vapeur-en formatu handiko ikuskizun ibiltarietan espezializautako kaleko antzerki konpainiaren geraldi ikusgarriagaz.

Jaialdiaren historiatik egiten dan ibilbideak jagondako eszenografia erakutsi eben ikuskizunakaz jarraitzen dau, Cie Deforen La Ménagerie edo Cie Les Baigeurs-en Le Bain (2012). Azken horretan bainuontzi bat jantza-bikotekide eta eszenaren protagonista bilakatu zan. Suak, eta su artifizial askok, bete ditue Bilboko Kalealdian aurkeztutako gaueko ikuskizun asko. Eta ia argazki guztiak, kaleko arteez gozetan dagozan ikus-entzulez betetako agertokietan ateratakoak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu