Hamabi gazte, matematiketan txapeldun

Bizkaie! 2019-06-07 13:32   Pil-pilean

XVII. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadako sariak emon ditue Gasteizen.

Gasteizen emon ditue sariak (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteen artean matematikak modu atseginean bultzatzeko asmoz, Eduardo Chillida eskultorearen izena daroan txapelketea antolatzen dabe 20+11, Euskadiko Matematika Irakasleen Alkarteak eta Eusko Jaurlaritzeak. Aurtengo edizinoan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 105 ikastetxetako 3.000 bat neska-mutilek hartu dabe parte.

Horreetatik 259 lehiatu ziran maiatzaren 11ko finalean, eta azkenik, hamabi irabazleen izenak emon ditue jakiten (zerrendea behean). Sariak banatzen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Maite Alonso atal bereko sailburuordea eta Luis Chillida, Eduardo Chillidaren semea egon dira, irabazleakaz, gurasoakaz eta irakasleakaz batera.

Poztekoa da benetan halako ekimen bat gure eskoletan horren zuztartuta ikustea, adierazo dau Uriartek. Ikastetxeen laguntzinoari esker, matematikek merezi daben protagonismoa dabe olinpiada honeen bitartez. Erronka intelektualak dakarren poztasuna eta etorkizunerako prestakuntzea azpimarratu ditu sailburuak, baina sariketearen alderdi ludikoa ahaztu barik.

Garrantzitsua da bokazino zientifikoei bultzadea ematea, nesken artean batez be, nabarmendu dau Uriartek, izan be, estadistiken arabera, neskak gitxiago hurreratzen dira jakintza horreetara. Matematikek, sarri, ikasleen artean ikarea sortzen dabela gogoratu dau, baina hori alboratu behar dala.

Kontuak kontu, XVII. Matematika Olinpiadako lehenengo lau sarituei, Casio etxeko kalkulagailu zientifiko bana emon deutsie, eta Ingalaterran hiru asteko egonaldia egin ahal izango dabe. Lehenengo hirurek, ganera, Espainiako finalean parte hartuko dabe. Beste zortzi sarituek kalkulagailu zientifiko bana eta Elkar dendetan gastetako 20 euroko bono bana eskuratu ditue.

Sari banaketearen ondoren, Fernando Fouz matematikariak berbaldia emon dau Los tres problemas históricos de la Geometría griega izenburupean, olinpiadako irabazleentzat, honeen senitartekoentzat zein irakasleentzat.

Irabazleak

1.- Ibai Martínez Puente, San Nikolas Ikastola. Getxo

2.- Tristán Romera Sobrado, San Ignacio BHI. Bilbao

3.- Xabier Díaz Gil-Negrete, CPEIPS Niño Jesús de Praga. Donostia

4.- Ibai Jurado Ortún, CPEIPS Azkorri. Getxo

5.- Unax Olano Arozena, Usabalgo Laskorain Ikastola. Tolosa

6.- Amets Alonso Ceballos, Ekialdea BHI. Vitoria-Gasteiz

7.- June López Ramírez, Mendebaldea BHI. Vitoria-Gasteiz

8.- Martín Aznar Peral, Lizardi BHI. Zarautz

9.- Nerea Isusi Gómez, Lizardi BHI Zarautz

10.- Julen Arriaga Arizmendi, Laudio BHI. Laudio

11.- Jon Valbuena Alvarez, Lauaxeta Ikastola. Zornotza

12.- Andoni Armendariz Linacero, Egibide BHIP. Vitoria-Gasteiz

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu