6 kartel lehiatuko dira 2019ko Aste Nagusiaren irudia izateko

Bizkaie! 2019-06-07 08:02   Kulturea

Danetara, 133 kartel aurkeztu ditue Bilboko jaien irudi ofiziala izateko.

2019ko Aste Nagusirako atzerako kontaketea hasi da kartela aukeratzeko lehiaketako sei finalisten aurkezpenagaz; horreetako bakarra izango da Bilboko Aste Nagusiaren irudi ofiziala, 41. edizinoan. Festak bihotzea, Beti Marijaia, Hasiera, We love Marijaia, Gure mundua eta Bilbao con los brazos abiertos dira hautatutako lanak, aurten lehiaketa tradizionalean aurkeztutako 133 karteletatik. Igaz 178 aurkeztu ziran.

Oso leku ezbardinetatik heldu dira eta hori benetan aberasgarria izan da: Nafarroa, Araba, Madril, Bartzelona, Sevilla, Leon eta Cuenca dira jatorrietako batzuk. Halan da be, bertokoak, Bilbo eta Bizkaikoak, izan dira nagusi.

Lehenengo aukeraketea egin dauen epaimahaiko kideak ondokoak izan dira: Itziar Urtasun, Jai Batzordeko presidentea eta Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Yolanda Díez zinegotziak; Ziortza Larreategi Bilboko Konparsak alkarteko kidea; Joseba Solozabal, Grupo Nervión-eko kazetaria eta 2009ko Aste Nagusiko pregoilaria izan zana, eta diseinuaren eta komunikazinoaren alorretako zenbait profesional: Iraide Egia, Logoritmo agentziako diseinugile grafikoa eta zuzendaria; Sandra Atutxa, DEIAko kazetaria; Esmeralda Herlo, https://conocebilbaoconesme.es/ blogari bilbotarra; José Felix Ruiz, Trupp Publicidad-eko kontuetako zuzendaria eta Bizkaiko Publizidade Agentzien Alkarteko presidentea; eta Bilbao Art District-eko komisarioak: Andrea Estankona ikertzailea eta MawatreS artistea.

Lehenengo balorazino honetan, epaimahaiak adierazo dauenez, batez be lanen kalidade teknikoa eta lehiaketearen oinarrien errespetua izan dira kontuan.


Botazinoa, bagilaren 10etik 14ra

Bilboko Udalak 2019ko Aste Nagusiko kartela aukeratzeko prozesuan herritarren parte-hartzea indartu gura dau. Beraz, aukeratzeko erabagiaren balioaren % 66 herritarren esku egongo da, eta gainerako % 33a, aitatutako epaimahaiaren esku.

Kartel irabazlea bagilaren 10etik 14ra bitartean botau ahal izango da, bai Euskal Museora joanez, bai online, udalaren webgunearen bidez eta komunikabide kolaboratzaileen bidez.

Hona hemen 2019ko Aste Nagusiko kartelaren botazinoa:

Herritarren botazino presentziala (% 66) Euskal Museoan (Unamuno plaza, 4).

Astelehenetik barikura, 10:00etatik 19:00etara (martitzenean zarratuta dago, asteko jaieguna hartzen dabelako).

Botoa emoteko, nortasun-agiria aurkeztu behar da (NAN, gidabaimena edo antzekoa).

Herri-botazinoa, Udalaren webgunearen bidez eta komunikabide kolaboratzaileen bidez (% 33).

Epaimahaiaren botazinoa (% 33).

Irabazleak 3.000 euroko saria eta 2019ko Aste Nagusia iragarriko dauen irudia berea izateko ohorea izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu