Eskoziako eta Euskal Herriko jantzak buztartuko ditu 'Atlantik 1050'-ek

Bizkaie! 2019-06-06 13:50   Kulturea

Herri bien alkarlanetik sortutako kale-ikuskizuna Edinburgon eta Errenterian emongo dabe.

Argazkia: Etxepare | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako #ScotlandGoesBasque programearen hurrengo egitasmoa zein dan aurkeztu dabe Donostian, Atlantik 1050 izenekoa hain zuzen. Errenteriako Atlantikaldiak eta Eskoziako Jantza Zentro Nazionalak indarrak batu ditue euskal jantza tradizionalak eta Eskoziakoak batuko dituan kaleko ikuskizun barritzaile hori martxan jarteko.

Tradizinoan oinarrituta, ikuskizun garaikide bat sortuko dabe eskoziarrek eta euskaldunek. Jen Wren jantzari eta koreografoa eta Amy Geddes musikaria izango dira Atlantik 1050-en arduradunak, Eskoziaren partetik. Euskal Herriko jantzearen ordezkari, Alain Maya jantzari, koreografo eta Ereintza Jantza Taldeko kidea izango da. Ganera, euskal musikari bi be egongo dira ikuskizunean, baina horreek biak aurrerago aukeratuko ditue.

Eskoziarrak Euskal Herrian dagoz egunotan, domekara arte, truke baten parte hartzen. Bertan hasiko dira Atlantik 1050-en hainbat alderdi zehazten. Euskal jantza tradizionalak ezagutuko ditue Alain Mayaren gidaritzapean, eta horreek eta eskoziakoak zelan buztartu aztertuko dabe.

Garagarrilaren 22tik 26ra, ostera, Alain Maya joango da Eskoziara. Hango tradizinoak hurretik ezagutzeaz gan, proiektuaren azken detaileak zehaztuko ditue. Itsasoa zubi izango dauen bidaiea egingo dau proiektuak. Errenteriatik Edinburgora 1.050 itsas-milia dagoz, eta hortik hartu dabe Atlantik 1050 izena.

Abuztuaren 9an egongo da ikuskizuna lehenengoz ikusteko aukerea. Edinburgoko Fringe jaialdian, jantzearen inguruko Europako topaketarik handienetako baten, estreinauko dabe Atlantik 1050, alor horretako zale eta profesional ugariren aurrean. Fringeko zuzendari Morag Deyes bera izan da Edinburgora euskal sorkuntzea eroatearen bultzatzaileetako bat. Hori dala eta, Atlantik 1050 ez eze, beste euskal jantza talde batzuen ikuskizunak be egongo dira Edinburgon. 

Joan-etorriko proiektu honetan, bigarren emonaldia irailaren 22an izango da, Errenterian, Atlantikaldia jaialdiaren barruan. Kulturen arteko topaketea izateko helburua dau Atlantikaldiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu