Bagilaren 15an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

Bizkaie! 2019-06-06 12:05   Kulturea

Urkiolara joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu.

Urkiolara joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu, dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea be izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek.

Bagileren 15ean, zapatuan, egingo da aurten Paduako San Antonioren Urkiolako santutegira errogatibea. Tradizinoari eutsiz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera. Horretarako, Arratiako Udalen Mankomunidadeak lau autobus ipiniko ditu; autobusean joan etorria egiteko edo etorteko bakarrik bada be, izena emon behar da astebete lehenago. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta.


Oinez Igorretik, Dimatik eta Zeanuritik

Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Igorretik, Dimatik eta Zeanuritik abiatuz. Igorretik 06:30ean urtengo dabe  San Antonioren ermitearen ondotik; Dimako plazan goizeko 07:00ean izango da urtekerea eta Zeanurin San Antonio txikerraren (plaza ondoan) ermitearen aurretik abiatuko dira, 07:30ean.

Zeanuri eta Urkiola lotzen dituan ibilbidea orain dala hiru urte seinalizau eben PR-BI 1 moduan; Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek segin eban lan hori Zeanuriko Udalaren laguntzinoagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezagutzera emoteko aprobetxauko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiten dira, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea jarraituz. Martxa normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken ibilbidea da.


Joseba Segura gotzain laguntzailea mezaburu

Aurten, antolaketeagaz arduratzen dan parrokia, Areatzakoa da eta errogatibearen lemeak Bere antz eta irudiko egin gaitu izenburua daroa. Joseba Segura Etxezarraga, Bilboko gotzain laguntzailea izango da meza buru; Bittor Garaigordobil gotzain misiolaria hil zanetik, hauxe da lehen aldia gotzain bat bertaratuko dana. Joseba Segurak Arratian ditu zuztarrak, amaren partetik, aitita-amamak Zeanurikoak ziran eta.

Egitarauari jagokonez, hamaikak baino lehentxuago, ondoetorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioari eutsiz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira, 11:00etan Joseba Segura gotzainak eta Arratiako abadeak emongo daben mezea.

Meza ostean, eta talde-argazkia egin eta gero, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkarteak eta Areatzako Jubilatuen Alkarteak kopau bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratzen diran arratiarrei. Ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako eta Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herrietara itzuliko dira.


III. Argazki Lehiaketea

Aurten be argazki lehiaketea izango da. Aurreko bi urteetan lez, Zulaibar Lanbide Ikastegiak antolatu dau, Arratiako herriak Urkiolara egiten daben errogatibea gai moduan hartuta. Gaiagaz zerikusia dauen edozein argazki aurkeztu ahal izango da, balio antropologikoa, etnografikoa, erlijiosoa edo naturalistikoa euki leikena.

Irabazleak 200 euroko balioko saria eroango dau, Arratiako Merkatarien Alkarteko edozein denda edo zerbitzutan gastau ahal izango dan bonoa. Argazkiak emailez edo postaz bialdu ahal izango dira honako helbideetara: errogatibea@zulaibar.org edo Arratiako Andra Mari Parrokia, Elexalde 22, 48140, Igorre.

Informazino gehiago hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu