'Arctic Sunrise' ontzia Bilbon dago egunotan

Bizkaie! 2019-06-06 09:07   Pil-pilean

Gaur gauean ozeanoen aldeko kontzertua joko dau Macacok bertan.

'Arctic Sunrise', Bilbon (argazkiak: Greenpeace Euskadi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Greenpeace erakunde ekologistearen Arctic Sunrise ontzia Protect the Oceans izeneko biran dabil, mundu guztiko portuetan geldialdiak eginaz. Bira horren bidez, ozeanoak jagotearen aldeko kontzientziazinoa zabaldu nahi dau. Orain Bilbon dago, Itsasmuseumaren alboko moilan. Atzo heldu zan eta astelehenera arte egongo da bertan.

Ingurumenaren aldeko kontzientziazinoa zabaltzeko helburuaren barruan, Arctic Sunrise-n jarduera ugari antolatuko ditue. Egunero bisitau ahal izango da ontziaren barrualdea, eta Greenpeaceko ekintzaileek bertan egiten dabena ezagutu. Domekara arte edegiko ditue ateak.

Beste alde batetik, kontzertua egongo da, gaur, eguena, ozeanoen alde, antolatzaileen arabera. Macaco abeslari kataluniarrak ingurumenaren aldeko aldarria egingo dau ontzian bertan, eta zaleek moilatik entzun ahal izango dabe kontzertua. Batez be, itsasoak eta naturea jagotearen aldeko kantuak joko dituala aurreratu dau Macacok, bera be Greenpeaceren aldeko ekintzailea dan ezkero.

Arctic Sunrise Greenpeace erakundearen itsasontzi enblematikoenetako bat da gaur egun, protesta ekintza ugaritan hartu dauelako parte eta mundu guztiko itsasoetan ibili dalako. Berde kolorea eta ostadarra, Greenpeaceren ezaugarriak, lau haizetara zabaltzen ditu. Izotz-apurtzailea danez, itsaso polarretan sarri ibilten da, jakina dalako klimearen aldaketeak Ipar Poloaren inguruko izotzetan eragin dauela gehien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu