Omenaldi, estreinaldi eta musikalak, Arriagaren 130. denporaldian
2019-06-05 13:47 KultureaBeethovenen jaiotzearen 250. urteurrena hainbat ekitaldiren bidez ospatuko dabe.
Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko jarduneko zinegotziak hurrengo denporaldiko ikuskizunen barri emon dabe. Egitarau bete-betea izango da, ikusle guztiek gustuko zeozer topau deien. Zenbaki biribila be ospatuko dau Arriagak, 130. denporaldia.
2020ko maiatzaren 31n, ia urtebete barru, egingo dabe 130. urteurrena gogoratzeko ekitaldi nagusia. Joaquín Achucarro bilbotarrak gidatuko dau Bilboko Orkestra Sinfonikoa egun horretan. Ponchielliren La Gioconda lanaren oberturearen interpretazinoagaz hasiko da, 1890eko maiatzaren 31n be, Arriagaren lehenengo kontzertuan, pieza hori jo eben eta.
Ludwig van Beethoven konpositore alemaniarra jaio zala 250 urte beteko diranez, urteurren hori be ondo gogoan hartuko dabe denporaldi barrian. Datorren urteko bagilean, denporaldiko ikuskizun handienetako baten, Beethovenen Missa Solemnis konposizinoa entzun ahal izango da. Sorpresaz betetako produkzino berezi horren zuzendaria Calixto Bieito izango da. Musika-zikloa be antolatuko dabe, Beethovenen gomutan.
Euskal sorkuntzearen erdigune bihurtzeko asmoa dauka Arriaga Antzokiak. Hortaz, bertoko konpainia eta artisten estreinaldi ugari hartuko ditu 2019-20 denporaldiak. Tartean konpainiaren Simplicissimus Kabaret, Tanttakaren Utzi mezua seinalearen ondoren eta Iparragirreren omenezko antzerkia, besteak beste, Arriagan ikusiko dira lehenengoz. Artedrama, Axut eta Dejabu taldeen artean egindako Zaldi urdina be aitagarria da, denporaldi barriak dakarzan 40 antzezlanen artean.
Arriaga Antzokiaren beraren produkzino edo koprodukzinoen artean be proposamen interesgarriak dagoz, Maria Goiricelayaren Ama kuraia, esaterako. Lau emonaldi izango ditu euskeraz, eta bost gaztelaniaz, martian. Brecht se encuentra con Weill eta 21 lágrimas be antzokiaren produkzinoak izango dira. Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz alkarlanean, De película emonaldia iragarri dau Arriagak, zinemako soinu-banda ospetsuak eta pelikulen zatiak buztartzen dituan saioa.
Atzerriko sorkuntza batzuk be ekarriko ditu 2019-2020 denporaldiak Bilbora. Urrian, Jakob Alhbom suediarraren Horror, bildurrezko eta magiazko antzezlana emongo dabe. Vögel, ostera, alemanierazko, hebreerazko eta arabierazko jatorrizko bersinoan eskainiko dabe, baina euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluakaz.
Jantzearen alorrean, Islandiatik, Erresuma Batutik, Kanadatik... etorriko dira artistak, baita Euskal Herritik be. Eva Guerreroren Gorpuztu eta Kukairen Gauekoak urtea amaitu baino lehen emongo ditue, eta Zona (no) comfort, 2020ko zezeilean.
Musikal handien atalean, sekula baino ikuskizun gehiago, lau, programau ditu Arriaga Antzokiak. Horreen artean, udako apustua West Side Story da, eta gabonetakoa, El jovencito Frankenstein. Ikuskizun lirikoen artean, Kopernikus - A Ritual Opera of Death nabarmendu dau Antzokiak, Claude Vivier kanadarrak sortua eta Peter Sellars zuzendariak gidatua.
Beste alde batetik, musikari eta kantari ospetsuak egongo dira Arriagako oholtzan. Ruper Ordorika, Gontzal Mendibil, Eñaut Elorrieta, Anne Etchegoyen, Salvador Sobral, Mikel Urdangarin, Enrike Solinis eta abar aitatu ditue antzokiko arduradunek.
Azkenik, Arriagako Gelatxuetako egitaraua be ezin da ahaztu, beste giro baten produkzino azpimarragarriez disfrutetako aukerea emoten dau eta. Khantoria hirukoteak XVIII. mendeko Joaquín Ojinaga konpositore bizkaitarraren obrea aurkeztuko deutso publikoari. Literaturea eta Musikea Euskeraz zikloan, Anje Duhalde, Koldo Amestoy, Alboka, Xabier Amuriza, Agus Barandiaran, Borja Estankona, Igor Estankona eta Ilargi Agirrek hartuko dabe parte.
2019-2020 denporaldiko ikuskizunetako sarrerak garagarrilaren 1ean ipiniko ditue salgai, ohiko bideetatik. West Side Story musikala da salbuespena, horko txartelak dagoeneko erosi leitekez eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!