UPV/EHUn Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoa egingo daben ikasleen kopurua % 2,15 igon da

Bizkaie! 2019-06-04 12:01   Pil-pilean

Batxilergoko 10.687 ikasle eta Lanbide Heziketako 806 aurkeztuko dira bihar hasiko diran azterketetara.

Bihar, bagilak 5, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa egin daben 10.687 ikaslek Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoa (USE) hasiko dabe UPV/EHUn. Batxilergoko ikasleez gan, goi mailako heziketa ziklo bat egin daben beste 806 ikasle gehitu behar dira. Igazko datuakaz konparauta, % 2,15 gehiagok egingo ditu probak.

USE hiru egunetan zehar egingo da, barikura arte, eta fase bi izango ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasearen helburua da Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituen ala ez neurtzea; honako bost azterketez osotuta dago: Gaztelania eta literaturea; Euskerea eta literaturea; Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntzea; eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko derrigorrezko gaia. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortu ezkero probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen Fasea borondatezkoa da, eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonetako gaitasuna arlo jakin batzuetan, hau da, unibersidadean egin nahi dituan ikasketakaz zerikusia daben arloetan. Fase horrek aukerea emoten deutso ikasleari sarbide fasean lortutako kalifikazinoa hobetzeko. Onarpen fasean ikasle bakotxak Batxilergoko bigarren mailako modalidadeko edozein gai aukeratu leike, sarbide faserako aukeratu dauena kenduta. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango ditue eta, gehienez, 4 puntu eskuratu. Gai bakotxari 0 puntutik 10 puntura bitartean emongo jako; eta azkeneko nota hori aterako da borondatezko nota bi onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1, 0,2 edo 0,3 dira eta unibersidadeak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduagaz dauen loturearen arabera.


Premina bereziko ikasleak

Elbarritasuna eta premina bereziak dituen 255 ikaslek Unibersidadera Sartzeko Ebaluazino azterketak egiteko egokitzapenak behar izango ditue. UPV/EHUk ikasleen aukera bardintasuna eta irisgarritasuna bermatua izan deien protokolo bat ezarria dau, Elbarrientzako Zerbitzuak kudeatzen dituana.

Aurten nobedade moduan, epaimahaiei zuzenduriko Jardunbide Egokien Gida USE argitaratu dau UPV/EHUk. Gida horrek egin behar diran egokitzapenen ezarpenak jasoten ditu, eta azterketak egiten dituen bitartean premina bereziko ikasleen arretea hobetzea dau helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu