Bilboko 75 dendak egin dabe bat 9. Arteshop-egaz
2019-06-04 11:24 KultureaMerkataritza txikia bultzatzeko asmoz, EHUko ikasleek egindako artelanak ipiniko ditue erakusleihoetan.
Bilboko Udalak, BilbaoArte Fundazinoak eta EHUk antolatuta, 9. Arteshop egingo dabe hurrengo asteetan uriko hainbat dendatan. Tokiko merkataritzea sustatzea eta uritarrak erosketak bertan egitera animetea dira proiektuaren helburu nagusiak. Horretarako, artisten laguntzinoa izango dabe.
Izan be, ekimenagaz bat egin daben 75 dendetako erakusleihoetan edo ondo ikusten diran lekuetan, EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleek egindako artelanak eta interbentzino artistikoak ipini ditue. BilbaoArteko hamar sortzaile dabiz tutore lanean. Ganera, azken honeen obrak be ikusi leitekez, Erriberako merkaduan eta turismo bulegoan.
Bagilaren 16ra arte egongo dira artelanak Bilboko dendetan. Besteak beste, Uribarri, Txurdinaga, Santutxu, San Ignazio, Rekalde, Otxarkoaga, Indautxu, Deustu, Basurtu, Bolueta, Abando, Alde Zaharra, Ametzola eta Bilbao Zaharrera heldu da Arteshop oraingoan. Denda bat, artelan bat izenburupean, orain dala aste batzuk hasi ziran EHUko artista gazteak establezimendu bakotxerako interbentzinoak atontzen.
Epaimahai profesionalak hiru interbentzinorik onenak aukeratuko ditu, eta hilaren 13an Erriberako merkaduan egingo daben ekitaldian emongo dabe irabazleen barri. Lehenengo saria irabazten dauen artisteari 1.200 euro emongo deutsiez. Bigarrenak eta hirugarrenak 900 eta 600 euro izango ditue, hurranez hurran.
Ganera, publikoaren parte-hartzea bultzatu eta konsumitzaileak dendetara erakarteko, Publikoaren Saria be egongo da. Kasu horretan, 450 eurokoa izango da. Erosleek eurek be izango dabe sariak irabazteko modua: Arteshopen dabizan bost denda edo gehiagotan konsumidu ezkero, hogei opari-bonuren zozketan sartuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!