Milaka lagunen taupadak Errenterian

Bizkaie! 2019-06-03 07:55   Kulturea

Hezkuntza lege barria beharrezkoa da.

Aurreikuspenak bete ditu Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiak. Milaka persona hurreratu dira Jaira garraio publikoan, ikastetxeek antolatutako autobusetan eta garraio pribatuan. Egitarau osoa bete da ezelako arazo barik eta janari guztia amaitu da (Zaporeak proiektuarentzat izango dira irabazi guztiak).

Edegiera ofizialean, Makina bat taupada abestia kantau dabe Arkaitz Miner, Irenka Mendive eta Yon Figeroak. Ondoren, Maialen Oliveri Koldo Mitxelena eskolako amak egin deutse agurra ekitaldira etorri diran gonbidatuei. Berbeaa hartu dabe Ana Puente EHIGEko presidenteak, Julen Mendoza jarduneko Alkateak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko sailburuak. Ekitaldiari amaiera polita emon deutse Garazi Pascual kable jantzariak eta Zaria Koru Eskoleak.

Ekitaldian bertan Jaiaren lekukoa jaso dabe Bastidako eskolako kideek, izan be, han ospatuko da datorren urteko Euskal Eskola Publikoaren Jaia.

Eskerrak emon nahi deutsueguz Errenteriara etorri zerien lagun guztiei eta batez be egun osoan lanean ibili diran boluntarioei eta urte luzea antolaketan ibilitako Koldokide guraso alkarteko kideei. Datorren urtean danok Bastidara!


Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzko Hezkuntza sailburuaren berbak

Eguraldian lagun, Makina bat taupada lemapean, Euskal Eskola Publikoaren 28. jaia izan zan atzo Errenterian. Koldo Mitxelena eskoleak atondutako jaira milaka lagun hurreratu ziran eta, beraz, erantzun handikoa izan da aurten jaia.

Edegiera ekitaldian, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzko Hezkuntza sailburuak berretsi egin dau beharrezkoa dala Hezkuntza Lege barri bat egitea XXI. mendeko aldaketak jasoko dituena, baina ohartarazo dau ibilbide laburra izango leukla hezkuntza komunidadearen babesik eta laguntzarik barik.

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Olatz Garamendi Administrazino eta Zerbitzuetako sailburuordea, Eugenio Jimenez Zentro eta Antolakuntza zuzendaria eta Polentzi Urkijo Azpiegitura, baliabide eta Teknologien zuzendaria be izan dira saioan.

Sailburuak lankidetzearen garrantzia nabarmendu dau bai jai bat antolatzeko, zentroko bizikidetzaren alde lan egiteko, edo gure hezkuntza sistemea hobetzeko: Kasu guztietan da beharrezkoa lankidetzea, horrek egiten gaitu indartsu. Kontuak kontu, Euskal Eskola Publikoak hainbat hamarkadetan egindako lana goraipatu dau Uriartek, horri esker hezkuntza sistemearen zutabeak sendotu diralako lankidetzatik eta adostasunetik. Azaldu duenez, urtez urte, herri honek argi izan ditu eta ditu bere lehentasunak, 30 urteotan gure hezkuntza sistemearen zutabe sendoak eregi ditugu eta, lan horretan, Euskal Eskola Publikoaren lana ezinbestekoa izan da. Arduraz, ondo dagoana aprobetxetan, eta hobekuntzea behar zanean aldatzen. Eregitakoaren gainean eregi dogu, eta ikuspuntu desbardineko personen artean egin dogu. Aparteko garrantzia emoten deutsagulako gure seme-alaben hezkuntzeari. Harro egon beharko geunke horregatik, adierazo dau.

Uriartek azpimarratu dau lan hori alkarlanean egin dabela, holan eskatzen dauelako euskal gizarteak. Uriarteren esanetan, batzen gaituana nabarmentzen eta goraipatzen jarri beharko geunke indarra, kritika eregitzailea sustatzen. Horren harian, Hezkuntza Sailak lege barria aurkezteko konpromisoa aitatu dau, izan be, lehenengo pausuak emoten gabiz, eta bide horretan danok gara garrantzitsuak.

Egungo legeak 27 urte ditu eta bistan da zenbat aldatu dan hezkuntzea, besteak beste, irakasteko sistemen aldaketak, metodologiak eguneratzea eta teknologiaren protagonismoa.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu