Bizkaiko hondartzak, udarako prest

Bizkaie! 2019-05-31 11:44   Pil-pilean

Bihar hasiko da hondartzen denporaldia, irailaren 30era arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko hondartzetan udarako atondu dituan azpiegituren eta bertan zerbitzua emongo daben beharginen inguruko datuak emon ditu, 2019ko denporaldia hastear dagoan ezkero. Bagila hasteagaz batera zabalduko ditue zerbitzuok, eta irailaren 30era arte herritar guztien esku egongo dira.

273 personak egingo dabe behar Bizkaiko hondartzetan udan, tartean 154 soroslek. Egunotan egin ditue sorosleak aukeratzeko probak. 30 hondartzain be egongo dira, eta garbiketaz arduratuko diran 89 lagun. Erabiltzaileek 7,8ko notea ipini deutsie Bizkaiko hondartzei, eta, hain zuzen be, segurtasuna (8,72) eta garbitasuna (7,62) izan dira ondoen balorautako alderdiak.

La Arenatik Arrigorrira, Bizkaiko kostaldean 24 sorospen-postu egongo dira, eta erreskaterako material aurreratua izango dabe larrialdietan erabiltzaileei laguntzeko: lau salbamendu-ontzi; 4 uretako motor; 3 quad; eta 9 buggy, besteak beste, baita 40 desfibriladore erdiautomatiko be. Hondartza bakotxaren arabera banatuko ditue horreek baliabide guztiak.

Betiko legez, bandera gorri, hori edo berdeagaz jakin eragingo deutsie erabiltzaileei bainua hartzea arriskutsua dan ala ez. Baina aurten, ganera, beste bandera bat egongo da, uraren kalidadea eskasa danean esegiko dabena.

Ume Galduak eskuturreko zerbitzua martxan egongo da denporaldion be, Bizkaiko hondartza guztietan. Zortzi urtetik beherako umeentzako identifikagailua da eskuturreko hori, hondartzara doazan familiek eskatu leikiena. Era horretara, umea galduko balitz, topetea errazagoa izango litzateke.

Hondartza Denontzat ekimena, bestetik, 2003tik dago martxan, eta aurten garagarrilean eta abuztuan egongo da, 11:15etik 18:45era Ereaga, Plentzia, Gorliz, Laidatxu, Lekeitio eta Ondarroako hondartzetan. Zerbitzu horri esker, mobikortasun arazoak dituenek hondartzaz eta bainuaz disfrutau leikie.

Uraren kalidadea jagoten

Euskal Autonomi Erkidegoko kostaldean 36 bainu-eremu dagoz, eta Arabako urtegietan, beste bost. Horreetan guztietan laginak hartuko ditue Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Ura Agentziak astero, mikrobiologia-analisia egiteko. Horren bidez jakingo da unean-unean hondartzen garbitasuna zelakoa dan.

Orokorrean, EAEko bainu-eremuetako uren kalidadea oso ona dala dino Jaurlaritzeak, baina hori aldatu egin leiteke, normalean eguraldi nahasi edo zantarraren eraginez. Horregaitik, uraren kalidadea jagotea eta asteroko analisiak egitea beharrezkotzat jo dabe. Kalidadean gorabeheraren bat egon ezkero, berehala zabalduko dabe abisua.

Argazkia: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia/Mikel Arrazola

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu