Ertibil erakusketea zazpi herritara helduko da

Bizkaie! 2019-05-31 09:15   Kulturea

Bilbon hasi dau bidea XXXVII. edizinoak.

Artistak eta sortzaileak, Bilbon egindako aurkezpenean (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Juan Pablo Ordúñez–MawatreS, Borja Gómez Diez eta Izaro Ieregi izan dira Ertibil lehiaketako irabazleak. Bizkaiko Foru Aldundiak arte plastikoen alorreko herrialdeko talentua bistaratzeko antolatzen dauen lehiaketa horretara 83 artista aurkeztu dira, eta 113 lan entregau ditue.

Ertibilen emoitzak erakusteko momentua heldu danez, 18 artistaren beste horrenbeste obra aukeratu ditue, erakusketa ibiltarian parte hartzeko. Hiru irabazleez gan, beste honeek artistak hautatu ditue: Raisa Álava, Ana Arsuaga, María Benito Píriz, Mar de Dios, Andoni de la Cruz, Urotz Deusto Iturregi, Iván Gómez, Gómez Selva, Estibaliz Gutiérrez, Eztizen de la Cruz, Saray Pérez Castilla, Ander Sagastiberri Fernández, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Diego Vivanco eta Imanol Zubiauze.

Aurten bigarren urtez, Ertibilek Japonian hilabete biko egoitza artistikoa egiteko aukerea eskainiko deutse hiru irabazleei. Horren bidez, lehiaketearen nazinoarteko hedapena bilatuko dabe, kulturen arteko komunikazinoaren eta hartu-emonen esperientziagaz batera.

Lorea Bilbao Foru Aldundiko Euskera eta Kultura diputaduak aurkezpenean azpimarratu dauenez, Ertibil arte bisualen esparruko proiektu beteranoa da eta gazte sortzaileen espektro artistikoaren lanik barritzaile eta sortzaileenek dabe lekua bertan. Bizkaiko artista gazteen lana zabaldu eta ikusgaitasuna emoteko apustua be badala dino Bilbaok.

Erakusketea Bilboko Rekalde Aretoan egiten dabil lehenengo geldialdia. Bertan egongo da garagarrilaren 7ra arte. Ondoren, beste sei herritara helduko da: Ea (garagarrilaren 8tik 31ra), Balmaseda (abuztuaren 1etik irailaren 3ra), Elorrio (irailaren 4tik 26ra), Arrigorriaga (irailaren 27tik urriaren 23ra), Eibar (urriaren 24tik zemendiaren 17ra) eta Getxo (zemendiaren 18tik abenduaren 29ra).

XXXVII. Ertibil erakusketearen osogarri, hainbat jarduera antolatu ditue Rekalde Aretoan. Bagilaren 6an, esaterako, dobako bisitaldi gidatuak egongo dira, euskeraz eta gaztelaniaz. Hil horren 20an, aurtengo hiru sarituak diran Juan Pablo Ordúñez–MawatreS, Borja Gómez Diez eta Izaro Ieregigaz topaketea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu