Txina, gerra komertzial eta teknologiaren arteko trokan

Zigor Aldama 2019-05-31 08:50   Bidaide

Alderdi komunistearen prebisinoen artean, 2019. urtean % 6 eta % 6,5 arteko hazkunde ekonomikoa egongo da.

Txinaren oinarri ekonomikoak sendoak dira. Herrialde askok gurako leukiez munduko bigarren indarraren estadistika makroekonomikoak. Igaz Barruko Produktu Gordina % 6,2 hazi zan, hamarren bat gitxiago per capita kalkulau ezkero; txikizkako salmentak % 9 igon ziran; industria produkzinoa % 6,2; eta lanbakotasuna, barriz, % 5 inguruan ibili zan. Datuok Europako ikuspegitik aztertuta, txanpan botilak zabaltzeko modukoak dira.

Hamarkada bat atzera egin ezkero, mundu mailako krisiak eztanda egin ebanetik, handiagoa da egitadea edo balentria, izan be, Barruko Produktu Gordina % 7,1 hazi da urtero eta Txinaren ekonomiaren indarra % 19koa da munduan. Horrezaz gan, Pekinek upealako erantzuna jaso dau txinaren azpiegitura ekonomikoa superpotentzia izateko bidean: zerbitzuak sektoreak % 45,3tik % 51,6ra egin dau salto eta barruko konsumoa hazkuntza ekonomikoaren % 60 ingurukoa da. Datuok gitxi ez eta azken zazpi urteotan 70 miloe lagunek agur esan deutsie pobreziari eta batez beste per capita errentea % 7,4 joan da gora.

Alderdi komunistearen prebisinoen artean, 2019. urtean % 6 eta % 6,5 arteko hazkunde ekonomikoa egongo da, nazinoarteko erakundeek Espainiarako aurreikusitakoaren hirukotxa. Edozelan be, Txinako ikuspegiari eutsiz, aitatu kopuruak ez dira hain pozgarriak, izan be, azken 30 urteotako igoerak sano handiagoak izan dira eta hazkunde ekonomikoa motelago dabil egun. Asiako erraldoian zifra biko hazkunderik ez dago orain eta erdi mailako errenten trikimailu edo azpikerien bildur dira, hau da, gitxi hazi estadu garatuaren estatusa hartu baino lehen. Kontuak kontu, eskuratzeko ahalmena gogoan hartuta, munduko lehenengo potentzia izan daiteke baina per capita errenteari jagokonez, 67. postuan dagoz.

Urteko lehen hiruhilekoan, esperotakoak baino hobeak izan ziran datuak baina apirilekoak ez ziran onak izan eta ezkortasuna nagusitu da. Industria produkzinoa % 5,4 hazi zan eta txikizkako salmentak % 7,2. Esportazinoetan % 2,7ko galerak izan ziran eta modea edo automozinoa lako sektoreetan be atzeraldiak izan ziran; datu horreek guztiek erakusten dabe konsumoa eta herritarren konfiantzea eta poza behera doazela; eta hori Ozeano Barearen bestaldean hartutako erabagiek eragin dabe, berbarako, Donald Trumpek onartutako zerga edo arantzelen igoerea, laster Txinak kanpoan saltzen dituan produktu guztietan eragina izan leikienak, sasoi gorabeheratsua eta krisi galanta eraginez.

Esangura horretan, Politburoko Batzorde Iraunkorra osotzen daben zazpi kideetako batek, Wang Yang-ek oraintsu autortu eban egoerarik txarrenean, munduko indar ekonomiko bien arteko lehia komertzialak puntu bateko galerea ekarri leikiola Txinari; hori esan eutsen Txinan ezarritako Taiwaneko enpresaburu talde bati: Wang-ek onartu arren, 'herrialde bien arteko gorabehereak eragin zuzena izango dau hazkunde ekonomikoan, baina azpiegituran ez da aldaketarik igarriko adierazo deutso South China Morning Post egunkariari.

Kontua da ze aurreikusitako hazkuntzan puntu bat kentzeak galgatu edo gerarazo egingo leukela egungo moteltzea % 5 edo % 5,5era. Datuok arriskuan jarri leikie Txinako agintariei ardura handiena eragiten deutsen arloari, enpleguari, hain zuzen be. Azken hileotan analistek zehaztu dabenez, Txinak % 5,5eko hazkundea baino handiagoa behar dau herritarrek behar dituen lanpostuak sortzeko. Sano garrantsitsua da hori Gobernuaren legebidezkotasuna eta zeregina herritarrei bizi-kalidadea eten barik hobetzeko ahalmena dalako. Orain arte ekonomia barria edo Internet bidez dabizen negozioek asfaltoan etorkizun hobearen bila datozen nekazari giroko etorkin asko bereganatzeko balio izan dabe. Merkataritza elektronikoaren eta etxera produktua bialtzeko zerbitzuek indar handia hartu dauen arlo logistikoan eten egin dira hazkundea eta kontratazino basatiak; arriskua da beharginak kaleratzeko prozesuak be indar handikoak izatea. Gainera, automatizazinoa hemen dago eta enpresak batzuk hasi dira dagoeneko mezularitza autonomoko ibilgailuak probetan.

Horrezaz gan, dudak arlo teknologikoan be sortu dira. Merkataritzako gorabehera eta arazoak teknologikoak be badira eta Huawei enpresea kaltetuenetakoa izan daiteke Washington-ek osogai iparamerikarrak jasoteko blokeoa ezartzen badeutso Txinari. Gainera, Txinagazko errezeloa gero eta handiagoa da munduan eta krisi sasoian askok salbazinotzat hartzen zituen inbersinoetarako arazo handiagoak dagoz. Txinako ekonomian estaduko enpresen indarra, ekonomia semiplanifikaduan Gobrenuaren esku-hartzea eta atzerriko enpresak Txinako merkaduan sartzeko erkidetasunik eza nahikoa burukomin dira. Holan, Txinan negozioak dituen atzerriko enpresaburu asko bat datoz Trumpen jarrera eta jokabideagaz eta Europako Batasunari be bardin jokatu daiala eskatzen deutsie.

Txinako gobernuak baekian zer etorren eta gauza bi argi zituan: alde batetik, ekonomia ezin dala egon ekonomia globalaren babespeko esportazinoen pentzuan eta, bestetik, arlo teknologikoan inoren laguntzinorik behar ez izatea. Lehenengo arazoari konponbide ona emon deutso, izan be, gero eta erosteko ahalmen handiagoa daben 1.400 miloe txinatarrek merkatu-sare potoloa osotzen dabe. Bigarren arazoa, barriz, korapilatsuagoa da.

Beste alde batetik, Huawei-ren gorabeherak eta igaz ZTE etxeak eragindakoak nahaste-borrastea eragin dabe, izan be, Txinako iraultza teknologikoan Samsung edo Apple lako erraldoiei aurre egiteko kapaz dira 'txikiago' batzuk, atzerritik osogaiak ekarri behar dituen arren. Donald Trumpek Huawei enpresea arriskutsutzat jotea sano deigarria da eta bildur ikarea baino ez dau eragin. Leitekeana da bihar-etzi Google handiak zerbitzurik ez eskaintzea aitatu markako eskuko telefonoetarako. Ren Zhengfei, Huawei enpresako sortzaile eta buruak autortu dau arazo larria izango litzatekeela aitatu betoa baina dagoeneko beste herrialde batzuetan hornitzaileen bila dabizela: Jakina da Trumpen asmoa Txinaren ekonomia eta garapen teknologikoa kaltetzea da adierazo dau izena isilpean gorde gura dauen Finantza irakasle batek. Bestelako trikimailuak pentsetako denporea irabazi leike baina tensino giro horretan, Txinak eten barik aurrera egingo dau. Trumpek ez dau holakorik gura baina Trumpen eretxiz, Hillary Clinton AEBetako buru izan bazan, Txina gu baino indartsuagoa izango litzateke legegintzaldiaren amaieran. Nigaz ez da holakorik ikusiko adierazo eban.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu