Idazle eta irakurleen topaleku izango da 49. Bilboko Liburu Azokea

Dabi Piedra 2019-05-29 13:22   Kulturea

Zidarrezko Lumea Luis García Montero poeteari emon deutsie aurtengo edizinoan.

Bilbon egin dabe Liburu Azokearen aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Mende erdia betetear da Bilboko Liburu Azokea, Asier Muniategi antolatzaileak aurkezpenean gogoratu dauenez. 49. ekitaldiak ez dau hutsik egingo urteroko hitzordura, eta Arenala liburuz, idazlez eta irakurlez beteko da maiatzaren 30etik bagilaren 9ra. 55 erakusmahai egongo dira, eta ehun idazle inguruk liburuak sinatzeko osterea egingo dabe. Era horretara, salmentarako leku ez eze, topaleku be bihurtuko da azokea, idazle eta irakurleen artekoa.

Emakumeak eta gazteak ikusiarazoteko ahalegina egingo dabe azokan, Muniategiren arabera. Horregaz lotuta, urteroko sari nagusietako hiru emakumeei emongo deutsiez. Batetik, Atea-Laboral Kutxa Saria Miren Agur Meaberentzat izango da, John Banville ingelesagaz batera. Bestetik, Urrezko Lumea Miriam Urkia euskaltzainak jasoko dau. Azkenik, Zazpi Kale Saria Miren Amurizari emongo deutsie.

Bilboko giro literarioa biztuteko asmoz, jarduera ugari antolatuko ditue Liburu Azokan bertan. Esate baterako, XIV. Nobela Beltza topaketetan autore ugari konbidau ditue: Jon Arretxe, José Javier Abasolo, Alicia Giménez Bartlett, Fiona Barton, Noelia Lorenzo Pino eta Arantza Portabales egongo dira. Nobela erromantikoko idazleen topaketea be antolatu dabe.

Ganera, idazle ugari euren lan barriak aurkezten etorriko dira Bilbora: Benjamin Black, Elia Barceló, Manuel Jabois, Pablo Carbonell eta abar. Hemengo autoreen artean, Iñaki Abad, Lucía Baskaran, Mikel Alvira, Joxemari Iturralde, Seve Calleja... aitatu leitekez.

Arenaleko gunetik kanpo, Bidebarrieta Liburutegia izango da azokako beste alkargune nagusia. Nobela Beltza topaketen barruko Women in Black mahai-inguruaz gan, liburu aurkezpen ugari egongo dira Bidebarrieta kaleko eraikin ederrean. Arratsaldeko 19:30ean hasiko dira jarduerak, egunero, eta sartzea doban izango da.

Atea-Laboral Kutxa Saria hartzeko Bilbora etorriko dan John Banville izango da Bidebarrietatik pasauko dan lehenengo idazlea, bere azken liburua, Los lobos de Praga, aurkezteko. Barikuan Félix G. Modroño idazle bizkaitarrak La fuente de los siete valles aurkeztuko dau, XIX. mendearen amaieran Yusoko Monastegian desagertuta dagoan liburu baten bila dabilen abadea protagonista dala.

Astelehenean, bagilaren 4an, Elia Barcelók El eco de la piel aurkeztuko dau Bidebarrietan, espainolezko zientzia fikzinozko idazlerik nabarmenenetako bat dala erakusten dauen lana. Patricio Pron argentinarraren txandea izango da martitzenean.

Euskaltzaindiaren egoitzan be egongo da zer ikusi eta entzun, berbaldi-zikloa antolatu dabe eta. Pako Aristik, Jon Alonsok, Tere Irastorzak eta Garbiñe Ubedak egingo dabe berba, bagilaren 3an eta 4an. Bestetik, Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskal zuzenbidearen inguruko erakusketea ipiniko dau Arenaleko karpan.

Zidarrezko Lumea

Azokea bihar hasiko dan arren, gaurko aurkezpenean lehenengo saritua omendu dabe antolatzaileek. Kasu honetan, poesia aldarrikatzeko asmoa izan dabe Bilboko Liburu Azokakoek, eta Espainiako poesia garaikideko autore esanguratsuenetako bat saritu dabe, Luis García Montero granadarra.

Pozik eta harro agertu da García Montero saria hartu dauenean, batez be, poesiak merezidu dauen lekua izango dauelako. Idazle granadarrak gogoratu dau, gaztetan, 1978an, Blas de Otero poeta bilbotarra ezagutu ebala, diktadurearen ostean Granadan egin eutsien lehenengo omenaldian. Blas de Oterok kontau eutsanez, berak Federico García Lorca ezagutu eban gazte-gaztetan. Beraz, García Lorcaren eta Blas de Oteroren oinordeko izateko indarra batu eban García Monterok.

Gaur egun, gizarte demokratikoa eregitea eta bultzatzea da García Monteroren helburu literarioa, Bilboko ekitaldian autortu dauenez. Poesia geratzen jakun erresistentzia eremu apurretako bat da, azpimarratu dau, eta belaunaldiek alkar ezagutu behar dabela aldarrikatu dau, inkomunikazino eta isolamendu sasoiotan. Literatureak bestearen lekuan jarten laguntzen dauela uste dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu