Olatz de Andresen proiektu barrirako deia egin dau Kalekak
2019-05-29 09:20 KultureaIkuskizun artistiko, pedagogiko eta komunitario horretarako 28 lagun behar ditue.
Lekeitioko Kale Arteen Nazinoarteko Jaialdiaren, Kalekaren, 30. edizinoak ikuskizun berezi bat atondu dau garagarrilaren 19rako. Olatz de Andres jantzariaren eta Lokke konpainiaren The Big Game proiektuak xake partida erraldoia irudikatuko dau, baina piezen ordez, antzezleak egongo dira taulan. Arte eszenikoetako profesionalakaz batera, herritarrak be behar ditue piezen lana egiteko.
Hori dala eta, deialdi edegia egin dabe Kalekak eta Olatz de Andresek. Jantzea, antzerkia eta sormena gustuko dituenei konbita egin deutsie, The Big Game proiektuaren parte izan daitezan. Izena emoteko epea bagilaren 5ean amaituko da, eta, ondoren, antolatzaileek 28 parte-hartzaile aukeratuko ditue. Erespide artistikoak kontuak hartzeaz gan, askotariko jenteak parte hartzea bilatuko dabe.
Batez be, profesional izatera heldu ez diranei edo arte eszenikoak ikasten dabizanei zuzendutako deialdia da, baita era horretako ikuskizunetan interesa daben guztiei be. Antolatzaileek zehaztu dabe ez dala ezer pagau behar The Big Game-n parte hartzeagaitik, baina aukeratutakoei be ez jake pagauko.
Aukeratutako 28 lagunek tailer baten ikasiko dabe ikuskizunean egin beharreko guztia. Zortzi saio izango dira, bakotxa bost ordukoa, garagarrilaren erdi partean. Hortaz, sasoi horretan libre egon beharko dabe parte-hartzaileek. Ikuskizuna bera, garagarrilaren 19an egingo dabe, 22:00etan, Lekeitioko Kaleka jaialdiaren barruan, Lokkeko profesionalakaz batera.
The Big Game proiektu artistiko, pedagogiko eta komunitarioa dala dino Kalekak, esperientzia ahaztezina izango dala ziurtatu dau. Jaialdia bera, garagarrilaren 18tik 21era egingo dabe, Lekeitioko kale eta plazetan. Hiru atal nagusi izango ditu: Sail Ofiziala, Scratch eta Kalekaz Blai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!