Zirkualde Errekalde auzora helduko da egunotan

Bizkaie! 2019-05-29 08:31   Kulturea

Zazpi konpainiaren ikuskizunak dagoz programazinoan.

Sarini Zirko konpainiaren ikuskizuna domekan izango da | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak antolatuta, Zirkualde, zirkuko arteen jaialdiaren hamargarren edizinoa egingo dabe Errekalde auzoan, maiatzaren 30etik bagilaren 2ra, hau da, eguenetik domekara. Ikuskizun guztiak, bat izan ezik, Errekaldeko plazan izango dira, doban, eta hurreratzen diran guztientzat zabalik. Era horretara, zirkuaren espiritua auzoaren bihotzera eroango dabe.

Lehenengo ekitaldia, baina, aterpean izango da, Errekaldeko liburutegian, eguenean (18:00). Ana Pikak Paperezko Zirkua izeneko ikuskizuna aurkeztuko dau. Ganerako saioak, barikutik domekara, auzoko plaza nagusian egingo ditue. Gustu eta edade guztietako publikoa erakarteko asmoz, danetariko zirku-teknikak ikusi ahal izango dira: akrobaziak, malabareak, clownak, aireko ariketak, jantzea...

Lau euskal konpainiak hartuko dabe parte Zirkualdeko egitarauan: Garazi & Cía, Imaginaciones Nai, Sarini Zirko eta lehen aitatutako Ana Pika. Aragoitik (Capicúa), Brasildik (Circo Delirio) eta Andaluziatik (Vol'e Temps) etorriko dira besteak.

Ganera, Zirkualderen hamargarren edizino honegaz bat eginaz, Rekalde Bihotzean auzo alkarteak Pintxo Zirko izeneko lehiaketea martxan dauka egunotan. Hori be bagilaren 2an amaituko da.

Egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu