Hogei diseinatzaile baino gehiago La Encartada Modan
2019-05-29 08:09 KultureaMaiatzaren 31tik bagilaren 2ra egingo dabe topaketea, Balmasedan.
La Encartada Moda, moda eta diseinu garaikidearen topaketearen aurtengo edizinoa aurkeztu dabe. Izan be, barikuan, hilak 31, hasiko da. Domekara bitartean, bertoko eta nazinoarteko hogei sortzaile baino gehiagoren lana ikusi ahal izango da Balmasedako La Encartada fabrika-museoan. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dau ekimena, eta zuzendari eta komisarioa Alberto Etxebarrieta da, modearen munduan 14 urte daroazan diseinatzailea.
Barikutik domekara arteko jarduerak La Encartada fabrikearen barruan egingo ditue, eta bisitariek aukerea izango dabe desfileak eta showroom-ak ikusteko. Bien bitartean, fabrikako instalazinoetan txangoa egin ahal izango dabe, XIX. mendean makinak zelan ebizan jakiteko. Sasoi bateko modeak eta gaur egungoak bat egingo dabe eraikinaren bidez.
Kanpoko diseinatzaileak etorriko diran arren, La Encartada Modak hemengo sortzaileen harrobi izateko asmoa be badauka. Esate baterako, Austrian bildumarik onenaren saria irabazi barri dauen Eder Aurrek bere diseinuak erakutsiko ditu, baita Betitxe eta Proyecto Hemen bizkaitarrek be. Angel Amor bizkaitarrak kapelagintzearen alorreko tailerra gidatuko dau, eta Ane Takitok, zeramikakoa.
Berbaldien artean, nazinoarteko profesionalak zein bertokoak aitatu leitekez: Fecal Matter kanadarrak, eta Recrea2, Mari Makeda eta Truca Rec bizkaitarrek birziklatzearen eta upcycling-aren inguruko azalpenak emongo ditue, eta modearen bilakaerea jorratuko dabe.
Aurten, barrikuntza lez, La Encartada Modak eta BilbaoArtek lankidetzea hasiko dabe, sorkuntzearen barruko diziplinen arteko sinergiak sortzeko. Gala Knorr, Maia Villot eta Maria Rubio Tortosa artista bizkaitarren lanek ehun urte baino gehiagoko fabrikako makinen-aretoak beteko ditue.
Lehenengoz, showroom espazioan talde-dendea egongo da, La Encartada Moda pasarelan euren bildumak erakutsiko dituen diseinatzaileen sorkuntzak topau ahal izateko. Euskal Herriko beste marka eta diseinatzaile batzuen lanak be salduko ditue bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!