Arte eszeniko barritzaileenak, Bilbon eta Barakaldon
2019-05-28 08:06 KultureaGaur hasiko da ACT jaialdia.
ACT, Eszena Barrien Nazinoarteko Jaialdiaren 16. edizinoak, disziplina ugaritako ikuskizunik barritzaileenak eroango ditu Barakaldo eta Bilboko agertokietara hurrengo egunotan. BAI, Bizkaiko Antzerki Ikastegia da antolatzailea.
Egitarauko 22 proposamenen artean, zirkua, jantzea, malabarismoak, musikea, txotxongiloak eta abar izango ditu publikoak aukeran. Lehenengo saioa, gaur bertan, martitzena, Bilborocken izango da, eta Roberto Menéndezen dokumental bat proiektauko dabe, La memoria del cuerpo: formas en el espacio-tiempo. Espainiako jantza garaikidearen inguruko lana da.
Arte eszenikoen egitarauaren edegiera ekitaldia hurrengo egunean, eguaztenean, izango da, Bilboko Kafe Antzokian. Hiru ikuskizun sartu ditue saio horren barruan, Israelgo Kontrol Freak, Koreako Trigger Warning eta Suitzako The Rose. Bagilaren 1era arte, egitarau bete-betea egongo da, Bilboko eta Barakaldoko hainbat gunetan. Azken herri horretan, aitatzekoa da Zirkodomoa izeneko lekua atondu dabela jaialdirako beren-beregi.
Bilboko Guggenheim Museoan, Shift Key programearen bidez aukeratutako pieza bi ikusi ahal izango dira, Frantziatik eta Belgikatik datozanak. Nazinoarteko Jaialdien Sarearen ekimena da Shift Key, ACT be partaide dauena, eta horri esker ekarri ahal izango ditue beste leku batzuetan arrakastea izan daben ikuskizunak.
Ikuskizunez gan, tailer bi egongo dira ACTren egitarauaren barruan. Maiatzaren 30ean, kamerearen eta gorputzaren arteko hartu-emon barriak topetako bideak jorratuko ditue, Sra. Polaroiskaren gidaritzapean. 31n, aktoreen inguruan egingo dau berba Ricardo Iniestak. Tailer biak Barakaldo Antzokian egingo ditue.
XVI. ACT jaialdiaren programazinoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!