Richterren 'argazki-pinturak', Bilbon
2019-05-23 12:19 KultureaArtista alemaniarraren itsas paisajeak ipini ditue Guggenheim Museoan, irailera arte.
Pinturearen bidez ikuslearen pertzepzinoagaz olgetea izan da Gerhard Richter alemaniarraren ibilbide luzeko ezaugarrietako bat. 1968an marrazten hasi zan Itsas paisaiak seriea da horren erakusgarri garbia. Itsasoa, hodeiertza, zerua, behin eta barriro agertzen diran elementuak dira serieko koadroetan, antzeko eta desbardin obra bakotxean: paisajeak dira danak, perspektibea emoteko beste elementurik ez dago... baina batetik bestera aldatu egiten dira argia, kolorea eta abar.
Bilboko Guggenheim Museoak Richterren itsas paisajeetako bat dauka bere bilduman, 1998an egina. 1968an marraztu zituan Seestück edo Itsas paisaiak serieko lehenengo obrak, 1969an egin zituan gehien, eta ondoren etenaldi luzea egin eban. 1998an egin zituan beste itsas paisaje bi, horreetako bat museoaren jaubetzakoa. Danetara, 23 koadro dira, eta museo zein norbanakoen eskuzabaltasunari esker, hamar batu ditue Bilbon.
Hirugarren solairuko 304. aretoko obrak hartzen ditue Richterren koadroek eta marrazki bik. Gehienak argazkiak dirala emoten dau urrunetik, errealidadetik hur-hurreko pinturak egitea dalako seriearen helburua. Argazkia pinturearen bidez egin nahi dau, azaldu dau Lucia Agirre erakusketako komisarioak. Azken baten, argazkia papel ganean ipinitako argia dala esan izan dau Richterrek, eta berak horixe bera egin nahi dau, baina marrazkiaren bidez.
Ez da erraza bereiztea koadro baten ala argazki baten aurrean gagozan, baina hurreratu ezkero, horren errealak ez diran detaileak agertzen dira. Hasteko eta behin, paisajeetako asko ez dira inongoak, argazki baten baino gehiagotan oinarritutako muntaiak dira. Ganera, hurretik begiratuta, abstrakzinoagaz lotutako teknikea erabilten dauela ikusten da.
Aldi berean hiperrealismotik eta abstrakzinotik hur dagozan koadroak, hori da ikusleagaz olgetako Richterrek bilatzen dauen efektuetako bat. Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendariaren esanetan, desafioa dira Richterren koadroak publikoarentzat.
Koadroetako batzuk benetako paisajeetan oinarrituta dagozan arren, ez dago leku zehatza jakiteko ezelako arrastorik, munduko edozein itsasertz izan leitekez. Bilboko Guggenheimen bildumakoa, esate baterako, Tenerife ugarteko ikuspegi bat da, baina Richterrek berak esan eutselako dakie museoko adituek datu hori.
Irailaren 9ra arte egongo da zabalik Gerhard Richterren itsas paisajeen erakusketea Bilbon. Richterren itsas paisajeen sailaren inguruan inoz egin dan erakusketarik handiena da hau, adierazo dau Vidartek. Mundu guztiko museo eta bilduma pribaduetatik koadroak ekartea ez da lan erraza izan, baina ikuslearen begiradeagaz olgetan daben argazki-pinturak alkarren alboan erakustea idea ona begitandu jaken Guggenheimeko arduradunei hasikeratik.
Dresden urian jaio zan Gerhard Richter, 1932an. II. Mundu Gerrearen ostean, Ekialdeko Alemaniaren zati izan zan uri hori, baina Richter mendebaldera pasau zan 1961ean, informalismoa eta espresionismoa ezagutzeko asmoz. 1962an hasi zan argazki-pinturak egiten, bere familiaren argazkietan oinarrituta. 1968an ekin eutsan Itsas paisaiak serieari, abstrakzinoaren eremuan sartzen zan bitartean. Argazki-pinturak eta abstrakzinoa dira bere alor nagusiak, baina kristalezko artelanak be egiten ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!