Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna, Ultzaman
2019-05-22 09:20 BertsolaritzeaMaiatzaren 26an da hitzordua eta Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko 140 gaztek egingo dabe bat.
Urtero legez, Nafarroako gazteen Bertso Eskolek euren eguna ospatuko dabe, aurten Ultzaman. Datorren domekan, maiatzaren 26an da hitzordua eta Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko 140 gaztek egingo dabe bat egun osoko ospakizunean.
Ikasturte amaiereagaz batera dator Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Nafarroako eskualde ugaritako 140 gazte eta hamar bat irakasle batuko dira bertan; 9 eta 16 urte bitarteko gazteak dira, Iruñerriko, Baztango, Bortzirietako, Larraungo, Leitzaldeko, Malerrekako eta Sakanako Bertso Eskola ezbardinetan dabizanak. Egun osoko egitaraua izango dabe zain.
Goizeko 11:00etan ekingo deutse egunari, Orgiko basora bisitea eginez. Interes ekologiko handiko baso ezagun honetan paseoa emon eta alkar ezagutzeko olgetak egingo ditue ondoren, euren arteko hartu-emonak sustatzeko. Eguraldiak laguntzen badau, ibilaldia egingo dabe ostean Larraintzar herriraino, eta han bazkalduko dabe. Bazkalostean, azken hileotan izan dan Bertsopaper Lehiaketearen sariak emongo ditue. Ondoren, eta egunari amaierea emoteko, bertso saioa izango dabe, gazteak eurak protagonista direaa.
Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Alkarteak antolatzen dituan beste hainbat jarduera bezela, Negulekuak, topaketak..., Bertso Eskolen sarea osotzen daben gazteen arteko hartu-emonak bultzatu eta alkar ezaguta sustatzeko helburua dau. Modu horretan, aisialdiari aparteko garrantzia emon gura deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak, transmisinoko beste erpin bietan (Hezkuntza Arautuko egitasmoa eta Bertso Eskolak) egiten dan lana osotzeko balio dauela ulertuta.
Egun, 18 urtetik beherako 300 ikasletik gora dabiz Nafarroako ume eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritzea lantzen, 39 taldetan. Horretarako, dozena bat lagunez osotutako irakasle sare zabala dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzearen oinarriak eta irakaspenak jasoteagaz batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak lantzen ditue besteak beste, transmisino bide dan giro ludikoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!