Hauteskundeetan umeak gogoan hartzeko eskatu dau Euskal Herriko UNICEFek

Bizkaie! 2019-05-20 11:08   Pil-pilean

Boto eskubiderik izan ez arren, gizartean subjektu aktibo dirala dino.

Domekan, maiatzak 26, hauteskunde eguna izango da, udaletako, aldundietako eta Europako Parlamentuko ordezkari politikoak aukeratzeko. Hori dala eta, UNICEF erakundearen Euskal Herriko Batzordeak kanpaina berezia hasi dau, umeen gaia be kontuan hartu daiten botoa emoteko orduan. Euskal gizarteari dei egin deutso botoa erantzunkizunez emoteko, ume eta nerabeak gogoan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun, 18 urtetik beherako 360.000 persona baino gehiago dagoz. Domekan botoa emotera doazanek umeakan pentsetea espero dogu, azaldu dau UNICEFeko Elsa Fuentesek. Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna egon badago, eta berau lankidetza politiko eta sozialaren bidez bultzatu behar dala dino Fuentek, interes partidistak alboratuta.

Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena sinatu zanetik 30 urte beteko dira aurten. Hortaz, UNICEFen ustez, bertoko eta munduko umeen aldeko apustu politiko eta soziala egitea beharrezkoa da. Nazinoarteko erakundeak ganeratu dauenez, ume eta nerabeek ezin dabe botorik emon, baina gizarteko subjektu aktibo dira.

UNICEF Euskal Herriko presidente Isidro Elezgaraik nabarmendu dauenez, pobrezia, desbardintasun, edo biolentziatik babesteko babesa da gure gizarteko oinarrizko erronketako bat, eta horretarako urtenbideak hauteskunde programetan agertu beharko litzatekez. Maiatzaren 26an eta hortik aurrera, umeak politika publikoen garapenean lehentasunezko kontua izatea espero dau Elezgaraik.

Udal eta Foru hauteskundeetara begira, UNICEFek hainbat eskari ditu. Aurrekontu sailak Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmenaren arabera egokitzea; Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendea kontuan izatea; ume guztien babeserako neurriak hartzea, batez be bakarrik dagozan migratzaileentzat; eta umeen kontrako edozein biolentzia ezabatzeko konpromisoa aitatu ditu, besteak beste.

Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan, ostera, Europar Batasunak umeen babeserako adostutako neurriak bermatzea beharrezkotzat jo dau UNICEFek. Nazinoarteko beste erakunde batzukaz batera, eskari batzuk be plazaratu ditue: Umeen eskubideen inguruko inter-taldea berreskuratzea, beharrizanean dagozan Europako ume guztiei oinarrizko zerbitzuak bermatzea; umeen kontrako diskriminazinoa eta indarkeria amaitzeko neurri zehatzak hartzea; eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu