Dikothomia, Delrevés eta UpArte saritu ditue Leioan

Bizkaie! 2019-05-20 09:06   Kulturea

Atzo amaitu zan XX. Umore Azokea.

'Finale', Delrevés konpainiarena | Ikusi handiago | Argazki originala

Eguraldi txarrak ez dau geratu Leioako Umore Azokearen hogeigarren edizinoa, ekitaldi gehienak aterpera eroan behar izan baditue be. Egitaraua aurreikusitako moduan bete dabe, giro onean eta publikoaren erantzun bikainagaz. Leioara etorritako konpainien kalidadea be oso ona izan dala pentsau leiteke, epaimahaiak sari nagusi bi emotea erabagi dau eta, ex-aequo.

Kataluniako Delrevés Danza Vertical eta Murtziako UpArte konpainiei emon deutsie Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria. Hortaz, normalean talde bakarrarentzat izaten dan saria bik eskuratu dabe oraingoan. Epaimahaiaren ustez, bikaintasunez, zehaztasunez eta harmonia zorrotzez gauzatutako jantza klasiko bertikal proposamen berezia, jantza klasikoa ikus-entzule guztiei modu bikainean hurreratzen deutsen ikuskizuna da Delrevésen Finale. UpArteren Áureo lanak, ostera, zirkuko teknika bikaina erakusten dauela dino.

Beste alde batetik, Euskadiko Kaleko Ikuskizunik Onenaren Saria Dikothomia taldearen (è.go) lanarentzat izan da. Mazoen erabilera orijinala dauen lan garaikide, personal eta ausarta, ikuskizunari ikutu poetiko garrantzitsua emoten deutsana da epaimahaiaren ustez. Ganera, Dikothomiako artistek publikoagaz lortzen daben konplizidadea txalotu dau.

Aurten honeek egon dira epaimahaian: Amagoia Garaizabal, Clown eta Pailazoen Arrigorriagako Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria; Anna Gribet, Firatárregako Zuzendari Artistikoa; Carlos Morán, Serantes Kultur Aretoko Zuzendaria; Fernando Marín, KaldeArte Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiko programatzailea; eta Valentín Rodríguez, Réplica Kanarietako Arte Eszenikoen Enpresen Alkarteko Presidentea.

Horrezaz gan, antolatzaileek Ohorezko Sariak emon deutsiez 25 edizino bete dituen jaialdi biri: Donostiako DFeria eta Aguilar de Campóoko AR.CAri. Barikuan egin eutsien omenaldia Leioan.

Ohorezko Sariak emoteko ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu