Gizartearen erronkei erantzuteko topagune izango dira XXXVIII. Udako Ikastaroak

Bizkaie! 2019-05-17 13:51   Kulturea

Maiatzaren 30ean hasi eta zemendira arte izango dira Udako Ikastaroak.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Roberto Iñiguez de Onsoño IRIZAReko Pertsonaleko zuzendariak eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Udako Ikastaroen zuzendariak XXXVIII. edizinoa aurkeztu dabe, maiatzaren 30ean hasi eta zemendira arte iraungo dauena.

Europako hauteskundeetarako hamar egun geratzen diranean, UPV/EHUko Uda Ikastaroek funtsezko gai hau planteetan dabe hainbat ikuspegitatik. Gaian adituak diran persona ezagun bi, Joseph. H.H. Weiler New York Universityko irakaslea eta Armin Von Bogdandy Heidelbergeko Max Planck Institute for Comparative Public Law and International Law-eko zuzendaria, barriketan ibili dira Europar Batasunaren etorkizuna. Erronkak izeneko Uda Ikastaroan. Eleanor Sharpstonek, Erresuma Batuak Batasunaren Justizia Auzitegian abokatu nagusi izentau dauen lehenengo emakumeak, Brexit-aren ondorioei buruzko bere ikuspegia azaldu dau. Brexit-ak herritarrakan eta ekonomian izango dituan ondorioak aztertuko dira ere bigarren Ikastaro batean, irailean egingo dana, Erresuma Batuko hautagaiek euren jesarlekuak hartuko dituen edo ez jakingo dogunean. Populismo barriak sortu ondorengo Europako parlamentu barriaren osaerea eta indar korrelazinoa hirugarren Ikastaro baten ardatzak izango dira, Francisco Aldecoak zuzenduko dauena, Europar Batasuna eregitea aztertu dauen adituetako bat eta Eurocampus Kultura Alkarteko kidea; horren eretxiz, Brexit-ak indartu egin dau estadu kideen arteko kohesinoa. Europako Kontseiluak, Batasunaren aurrekari eta giza eskubideen politiken bultzatzaileak, bere Ikastaroa izango dau bere 70. urteurrenean.

Hauteskundeakaz jarraituz, Eusko Legebiltzarrak babestutako ikastaroaren ardatza izango dira XXI. mendeko hauteskunde sistemak, eta gaiaz gehien dakien nazinoarteko aditu handienetako bat etorriko da: Dieter Nohien Alemaniako Heidelbergeko Unibersidadeko irakasle eta Max Planck ikerketa sariduna.

Giza duintasuna eta arreta medikoa buztartu egiten dira bioetikearen ardatzean, Bizitzaren amaieran dagozan personen eskubideak ditugunean berbagai. Arartekoaren gidaritzapean, medikuntza aringarrian, psikologian, zuzenbidean eta bioetikan aditua dan talde batek personek bizitzearen amaieran dituen eskubideak, autonomia eta duintasuna aztertuko ditue, ondoko personen errealidadea ahaztu barik. Jakina danez, Angel Hernández María José Carrasco emaztea hilteaz akusauta dago. Emakumeak esklerosi anitza izan eban hiru hamarkadaz, eta fase terminalean egon. Gaia berbagai izan zan Espainiako azken hauteskunde orokorren kanpainako hiru egunetan, nahiz eta eguneroko errealidadea dan profesional askorentzat.

Gure bizimodua hainbeste aldatu dauen Big-Datak aukera barri ugari eskaintzen ditu osasunaren munduan. Dana dala, modu desegokian be erabili daitekez. 4.0 industriari eta osasunari buruzko Ikastaro guztiz interesgarri batean, aukera horreek aztertuko dira, 3D inprimaketak eta terapia birsortzaileetan erabilitako zelulen eta ehunen bioinprimaketak zabaldu daben errealidadeagaz batera.


191 aurrez aurreko jarduera

Ingurumenaren degradazinoak, klima aldaketeak eta jasangarritasunak sortzen daben ardurak aztergai doguz orain urte batzuetatik hona UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Orain hamar egun, NBEk bultzatutako IPBES txostenak (Biodibersidadeari eta Zerbitzu Ekosistemikoei buruzko Gobernu arteko Plataformea) alertea piztu dau mundu osoan. Miloe bat animalia eta landare espezie galtzeko zorian egongo dira datozen hamarkadetan. Hain zuzen, nazinoarteko plataforma horren helburuetako bat da klima aldaketak sortzen dituan arazoez ohartarazotea mundu osoko herritarrak. Arlo honek hainbat Ikastaro izango ditu, hain zuzen, horreetako baten gaia izango da zelan azaldu jenteari planetearen erronka handiak. IHOBE da ikastaroaren antolatzailea eta komunikazino errealistea eta arduratsua bultzatzen saiatzen da, katastrofismoa baztertuz. UPV/EHUko Udako Ikastaroak bat datoz konpromiso horregaz eta argi ikus daiteke hori arazoa landuko daben 18 ikastaroetan.

Bestetik, Udako Ikastaroen edizino honek gure ingurune naturalari eta paisajeari erreparauko deutse. Atzo bertan lehen prestakuntza Ikastaro bat amaitu zan, Urdaibaiko erreserbako ondarearen gidari interpreteentzat. Zemendian, biosfera erreserben jasangarritasunerako ikerketa batzar bat egingo da, Urdaibaiko Ekoetxean, 2030 Jasangarritasun Agendeari eginiko ekarpen lez. Getxoko Punta Begoñako Galerien eta gure itsasaldi arteko arkeologiaren balioaz jaubetuko gara. Ohiko formatuagaz hausiko dauen Ikastaro batean, ikasleek Donibane Lohizune eta Donostia arteko ibilbideaz gozauko dabe, oinez, eta gogoetea egingo dabe zahartzeak personeari dakartsozan aukerei buruz.

UPV/EHUko Uda Ikastaroek gure geografian barrena bidaiatzen dabe. Udako Ikastaro Ibiltariak edo uik Ibiltariak programa hogei bat uri eta herritara helduko da., berbarako, Bergaran – Zientziaren Leku Historikoa–, Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren nazinoarteko urtea ospatuko dogu. Hain zuzen be, herri horretan topau eben wolframioa Elhuyar anaiek, 1883an.

Udako Ikastaroek herritarrentzako jarduera edegiak antolatzen jarraitzen dabe. Oraindino guztiz zarratuta ez badagoz be, aurreratu daiteke Ramon Saizarbitoria izango dala horreetako batean protagonista, Egunero hasten delako nobeleak 50 urte beteten dituan honetan, eta Harkaitz Canok perfomance bat zuzenduko dau, tatuatzaile bat tartean dala. Hezkuntza mundutik, Cesar Bona etorriko jaku, munduko 50 irakasle onenen artean dagoana Global Teacher Prize-ren arabera. Neurogarapenaren nahasteak jorratuko ditu.


Inaugurazinoa, bagilaren 19an

Uda Ikastaroen inaugurazio ofiziala bagilaren 19an izango da, Miramar Jauregian, Javier Aizpurua Iriazabal Materialen Fisikako Zentroko (CSIC - UPV/EHU) zuzendari eta ikertzaile ospetsuaren berbaldiagaz: Argia txiki bihurtzen denean. Aizpuruaren aztergaia hauxe da: erantzun optikoa propiedade teknologiko  interesgarriak dituen nanopartikuletan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu