Lucio Fontanaren ibilbidea, Guggenheim Museoan
2019-05-16 12:44 KultureaArtista argentinar-italiarraren ehun obra inguru ipini ditue, irailaren 29ra arte.
New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-egaz batera antolatu dau Bilboko Guggenheim Museoak Lucio Fontana. Atarian izeneko erakusketea. Juan ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendariak azaldu dauenez, Metropolitaneko arduradunen asmoa aproposa begitandu jaken, eta erakusketea Bilbora ekarteko alkarlanean hasi ziran. Irailaren 29ra arte ikusi ahal izango da lankidetza horren emoitzea.
Bere sasoiko aurrerapenakaz eta jazoerakaz batera aldatu zan Lucio Fontanaren obrea, 1930eko hamarkadan hasita. Jaiotzez italiar jatorriko argentinarra bazan be, 1930eko hamarkadan Milanera joan zan artea ikasten, eta hantxe ekin eutsan eskultureari. Orduko abangoardien barrikuntzak sartu zituan bere obretan, II. Mundu Gerreak be eragin eutsan, 1950eko hamarkadako aro espazialak liluratu eban... baina beti bere estiloari eutsita, egokitzapen etenbakoan.
Eskultura figuratiboak egiten hasi zan, material merkeak eta moldagarriak erabiliz. Abstrakzinoak, baina, laster egin eban lekua Fontanaren obran. Sen moderno eta primitiboa buztartzen zituan artelanetan: Zuloak, arrakalak eta abar ohikoak dira bere lan askotan. Estilo klasikoak berraztertu zituan, eta beste zentzun bat emon. Era horretara, XX. mendearen bigarren erdian eragin handia izan eban artista askogan, batez be Europan. Artista giltzarria da, Vidarteren ustez.
Formatuen arteko mugak apurtzeko gogoa igarri jakon Fontanari hasikeratik: Eskultura figuratiboetan be, pintura abstraktuaren zertzeladak sartzen zituan. Lehenengo mihisea ez eban 1949era arte, 50 urte eukazanera arte marraztu, baina harrezkero ibilbide luzea egin eban formatu horretan. 1950eko giro espazialetan (ambienti espaziali), ostera, argiagaz esperimentau eban bere instalazinoetan. Artelan inguratzailearen oinarriak jarri zituan.
Atarian erakusketeak zeharkako ikuspegia emoten dau Lucio Fontanaren obrearen garapenaz, 1931 eta 1968 bitarteko eta formatu ugaritako ehun artelan ingururen bidez. Ebagidurak (Tagli) eta Zuloak (Buchi) sailetako obra ugari dagoz tartean, Fontanaren estiloaren erakusgarri ezagunak diralako. Iria Candelak, erakusketearen komisarioetako batek, uste dau XX. mendeko artelanik erradikalenak dirala Fontanaren Ebagidurak, Kazimir Malevitxen Karratu Baltza-gaz batera.
Erakusketa honen atzean sailkatze eta aukeratze lan handia dagoala azaldu dau Candelak, Fontanaren esperimentazino eta ikuspegi guztiak ordezkatuta egotea bilatu dabelako. Areto bakarrean jarri ditue obra guztiak, espazioagaz jokatzeko asmoz. Beste komisarioak, Manuel Cirauquik, adierazo dauenez, espazioa betetearen inguruko gogoeta ugari egin zituan Fontanak, eta pentsamendu horreek erakusketaren eremura ekarri nahi izan ditue.
New Yorkeko Metropolitan Museum of Arten egon eta gero dator erakusketea Bilboko Guggenheimera. Aurkezpenean, museo bietako adituak egon dira, baita Lucio Fontana Fundazinoko ordezkari Paulo Laurini be, erakunde horren laguntzinoa ezinbestekoa izan dalako proiektua gauzatzeko.
2019/05/17 - 2019/09/29
Bilboko Guggenheim MuseoanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!