Getxolinguae jardunaldiotan eskolatze-hizkuntzea izango da ardatz
2019-05-16 08:05 KultureaEuskadiko 300 hizkuntza irakasle inguruk hartuko dabe parte Getxolinguae jardunaldian, Bilbon.
Hezkuntza Sailak urtero atondutako Getxolinguae jardunaldiak eskolatze-hizkuntzea izango dau aurten ardatz: Eskolatze-hizkuntzea eregiten: eskolan irakurten, idazten, berba egiten... titulu nagusi hartuta, hezkuntzako 300 profesional inguru batuko dira maiatzaren 16an, Bilboko Injinerutza Eskolan, hizkuntza irakasleak gehien bat. Goizean zehar egingo diran hitzaldien nahiz praktika onak konpartiduteko saioen bidez, ikasgeletako egunerokoan berebiziko garrantzia dauen gai horretan sakontzeko aukerea izango dabe.
Getxolinguae 2019
Eskolatze-hizkuntzak berariazko trataera didaktikoa behar dau, bai eskolatzearen hasierako urratsetan hizkuntzen inguruan hartu beharreko erabagi didaktikoak zehazteko, bai arlo guztietan hizkuntzen trataera integratuan eta integralean sakontzeko be. Hizkuntza akademikoa, hartu-emonetarako hizkuntza ez bezela, abstraktua, testuingurutik kanpokoa, formala da eta terminologia eta berbakera espezifikoak ditu; beraz, lanketa integratu eta integrala behar dau ikastetxe mailan. Aurtengo Getxolinguae jardunaldiak hizkuntzak arlo guztietan dauen garrantzia ikusarazotea dau helburu eta jakintza-arloak eta hizkuntzea alkarregaz buztartzeko moduak aztertuko dira bertan.
Jardunaldiko lehen berbaldia Gironako Unibersidadeko Josep Maria Serra irakasleak eskainiko dau (Irakaskuntza eta Planifikazinoko errektoreordea da), La importancia de trabajar la lengua en todas las áreas del currículo izenburukoa. Haren ondoren, Mondragon Unibersidadeko HUHEZI Fakultadeko Pilar Sagasta eta Karmele P. Lizarralde ikertzaileen txandea izango da: Zelan artikulau jakintza-arloa eta hizkuntzea? Zenbait lanabes eskolan erabilteko.
Horrezaz gan, egun euskal ikastetxeetan abian diran praktika onak ezagutzeko aukerea be izango dabe bertaratuek, baita euren gogoetak eta esperientziak gainerako profesionalakaz konpartiduteko be.
Hezkuntza Sailak urtero antolatzen dau Getxolinguae jardunaldia azken hamarkada luze honetan, hizkuntzen irakaskuntzan eta ikaskuntzan aparteko garrantzia dauen edozein alderdiren inguruan. Hainbat urtez Getxon egin ondoren –hortik hartzen dau izena jardunaldiak-, azken urteotan Bilbon antolatzen da bilkurea.
Getxolinguae 2019ko egitarau osoa eta informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!