Perretxikoak ikusi
2019-05-15 11:56 Euskerea berbagaiPatxi Saez soziolinguistearen ustez, euskal irrati-telebista publikoan ez da euskerearen errealidadea behar dan moduan erakusten.
Euskaraldiak, batez be, euskerea eta euskaldunak ikusgarriago bihurtu ditu. Hamaika egunetan, perretxikoak balira bezelaxe, euskaldunak agertu egin dira orbel azpitik. Lehenengo Euskaraldia perretxiko kolpe handia izan da Euskal Herriko gizartearen pagadian: 225.000 buru agertu dira euskal gizartearen komunikazinoaren plazara, euskerearen espazio fisiko eta sinbolikoaren jaube egitera. Perretxiko horreetatik sekula probau bakoei, perretxiko aluzinogenoak iruditu jakez, izan be, euren eguneroko errealidade linguistikoan orain arte inoz ezagutu bako komunikazino egoerak jazo jakez.
Hizkuntza gitxiagotuen ezaguera dagoanetik, munduaren luze-zabalean, inon be, inoz be, hizkuntza gitxiagotu baten aldeko gizarte ekintzailetzea sustatzeko ekimen batek ez dau lortu, inondik be, gizarte bereko herritarren artean —herritar guztien artean— Euskaraldiak izan dauen adostasun zabala.
Euskaraldiak euskerea eta euskaldunak erdigunean jarri ditu, herritarren arteko komunikazinoaren ardatzean. Eta euskerea eta euskaldunak erdigune horretan jartetik, komunikazinoa hazurmamintzeko egoera soziolinguistiko barriak sortu ditu, euskerearen ulermena komunikazinorako ardatz bihurtu daben egoera barriak, orain arte euskal gizartean sekula ezagutu bakoak. Euskaraldiak, ulermenean ardaztutako jardunbidetik, euskerea komunikazino hizkuntza bihurtzeko behar naturala (Saez, 2017) sortu dau herritar askoren uniberso linguistikoan, baita euskerearen orbitatik urrun bizi diran herritarren artean be.
Euskaraldiaren lorpen handienetako bat euskaldun ez diran herritarrek ekimenagaz erakutsi daben errespetua eta onarpena izan da. Euskaraldian izena emon ez dabenen artean, oro har, eta salbuespenak salbuespen, hizkuntzen bizikidetzeari buruzko jarrera eta jokabide aldaketea sumatu da: naturaltasunez eta aurkako jarrera barik onartu dabe eurei be euskeraz egitea. Era berean, jendartean nahiz lagunartean izan dituen hizketa-lagunek talde osoari euskeraz egitea be eragozpen barik ametitu dabe, naturaltasun osoz. Eta naturaltasun horregaz beragaz eskatu ditue argibideak zerbait ulertzen ez eben bakotxean. Hori guztia aurrerapauso handia izan da alkarbizitza linguistikoan.
Euskaraldiak erdaldunen artean izan dauen onarpen horretatik datorrena be ez dogu izkutatuko eta bai nabarmenduko: Euskaraldiak gizarte bereko hizkuntza bien arteko bardintasunari buruzko adostasun soziala indartu eta finkatu dau; hau da, erdaldunek euskaldunakaz erderaz egiteko daben eskubide berbera dabela euskaldunek erdaldunakaz euskeraz egiteko. Eta, batez be, alkarren arteko komunikazinoa egon daiten, alkarren arteko ulerbiderik izan daiten, lagun hurkoaren hizkuntzea ulertu beharrean dirala bata zein bestea.
Euskaraldiak orain arte gure artean ezagutu bako praktika eta iraultza linguistiko barria ekarri dau gure artera: alkarrizketa elebiduna. Iraultzea irauli berbatik jatorku eta goldeak iraulitako lurrean landara barria indar handiagoz hazten den bezelaxe, euskal gizartearen soloan Euskaraldiaren goldeagaz iraulitako lur jorian erein eta kimatu da alkarrizketa elebidunaren praktika linguistiko barria. Hemendik aurrera landara sortu barria zuhaitz itzaltsu bihurtzea izango da hizkuntzen arteko bizikidetzea irabazteko eginkizun linguistiko iraultzailea.
Baina, lehenago esan dodan bezala, guztiaren ganetik Euskaraldiak ikusgarri bihurtu ditu euskerea eta euskaldunak. Ikusgarritasun hori, ostera, oraindik ez da telebista publikora heldu. Gaur, hemen eta orain, horretaz berba egin nahi dot.
Inork ez dau ukatuko EITB euskerea sustatzeko sortu zanik. Halaxe jaso eban EITBren 1982ko sorrera legeak: Euskerearen sustapena eta zabalkundea bereziki kontutan izanik.
EITBk, baina, ez dau sekula erakutsi benetako errealidade soziolinguistikoa. Beti errealidadean existitzen ez diran komunidade linguistiko bi erakutsi ditu, bata, euskeraz bakarrik egiten dauena eta, bestea, gaztelaniaz baino berba egiten ez dauena. Ulergarria da euskerea sustatzea helburu dauen irrati-telebisteak euskera hutsezko emonkizunak sustatzea, baina ulertezina da, euskerea sustatzea baldin badau helburu, gaztelania hutsezko saioak euskerazkoak baino kopuru handiagoan sortzea eta hedatzea. ETBk igaz, bigarren milurteko honen 18. urtean, % 18 ordu gehiago ekoitzi zituan gaztelaniaz euskeraz baino.
Euskal Irrati Telebistak dituan gaztelania hutsezko kateek gizartearen errealidade elebiduna izkutatzen dabe, euskaldunak eta euskerea izkutatzen ditue. Gaztelaniadun hiztunak baino ez dituan gizarte elebakarra erakusten dabe, gaztelania hegemonikoa dan Madrilekoaren pareko gizarte bat, euskaldunik eta euskerarik bako gizarte irreal bat, Euskal Herrian existitzen ez dan gizarte bat. Ganera, hizkuntza komunidade biak alkarregandik bereizita eta isolatuta biziko balira legez, euskaldunek eta erdaldunek alkarren arteko harreman soziolinguistikorik izango ez balebe bezela, etxe eta jendarte berean biziko ez balira bezela, eta alkarren hizkuntzen arteko zubirik eta ulerbiderik bako komunidadeak balira legez irudikatzen ditue. Euskaraldiak plazaratutako eta euskal gizartearen begi bistan jarritako guztia izkutatzen dau erderazko gure irrati eta telebista publikoak.
Hedabideak fede-emoleak ei dira: gizartean gertatzen danari buruzko notario lanak egiten ei ditue. Horixe sinestu eragin nahi deutsie ikus-entzuleei. Baina, hedabideek lan bat baldin badabe, lan hori legitimazino lana da. Hedabideak errealidadea eregiteko tresna bihurtuta dagoz gaur egungo gizarte guztietan. Eta, errealidadea eregi eta legitimatzeko tresna poteretsuak dira eragina daben gizarteetan. Euskerearen Herriko hedabide publiko nagusienak, EITBk, erdera hutsezko irrati eta telebistearen bidez, gaur-gaurkoz, ez dau euskerearen aurrerabiderako errealidade linguistikoa eregiten, ez dau euskerea gizartearen ardatzean jarten eta, batez be, ez dau legitimatzen euskerea komunikazino orokorrerako hizkuntzea izatea.
Azken 30 urteotan etengabea izan da Euskal Herri euskaldunago baten eraikuntzea. Errealidade hori gaur egun euskareagaz eta euskaldunakaz eregita dago: EAEn 20 urte arteko gazteen % 97k euskerea berba egiten edota ulertzen dau. Hamar urte barru, 30-35 urte arteko ia herritar guztiek berba egingo edota ulertuko dabe euskerea. Errealidade hori izkutau egiten dau gure irrati-telebisteak. Euskaldun peto-petoak diran gazteei erderaz eginarazoten jake El Conquistador del Fin del Mundo eta antzeko saioetan, orain azkena 19 urteko Getariako Xabier Etxaniz gazteari jazo jakon lez. Jokin Altuna, Iker Irribarria, Asier Illarramendi, Iñigo Martinez... punta-puntako pilotari eta futbolari gazteak be erderaz berba egitera behartzen ditue erderazko guztion telebistan eta irratian azaltzeko. Gure gazteek euskeraz egiten dabe; eta errealidade hori, legitimatu beharrean, izkutau egiten dau guztiona dan Euskal Irrati Telebistak.
Euskerearen sustapenean eta aurrerabidean mugarri barriak jarri nahi badoguz, Euskerearen Herria egituratzen daben erakundeak —lan erakundeetatik hasi eta azken herri-erakunderaino— eta danen artean, bereziki gure irrati-telebistea, Euskaraldiaren dinamikara ekarri behar doguz. Sistema goitik behera eta behetik gora aldatu nahi badogu, dinamika berean sartu behar dogu zuztarretatik azken adarreraino.
Dinamika horretara etorrita ahobizi eta belarriprest rolek nagusitu egin behar dabe erderazko irrati eta telebistearen tertulietan, barri emonkizunetan, alkarrizketetan, reality show saioetan, erreportajeetan eta, oro har, kazetaritza eredu eta genero guztietan. Euskerearen Herriko irrati eta telebistarik nagusienak euskerearen aurrerabidean gizarteko praktika linguistikoak erakutsi eta legitimatu egin behar ditu. EITBk, euskerearen sustapenerako gizarte ekintzailetzatik, Euskaraldiak erakutsitako bideari jarraiki, heldu egin behar deutso perretxikoak ikusgarri egiteari.
- Artikulu honen egilea, Patxi Saez, soziolinguistea eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeko kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!