'Hezurren erretura' liburua aurkeztu dau Miren Agur Meabek

Bizkaie! 2019-05-15 08:37   Kulturea

Protagonista berbera daben 21 narrazino dira.

Miren Agur Meabe eta Leire Lopez Ziluaga (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sei urte libururik atera barik egon eta gero, lan barria dakar Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak, Hezurren erretura izenekoa (Susa). Ez da 2013ko Kristalezko begi bat-en bigarren partea, baina badauka loturea haregaz. Liburu bien artean diptikoa osotu leitekela uste dau Meabek. Leire Lopez Ziluaga editoreagaz batera aurkeztu dau, Donostian.

Kristalezko begi bat nobelea zan, eta Hezurren erretura, ostera, narrazinoen bildumea. Pertsonaia bera da istorio guztietako protagonistea, badago garapen bat liburuak aurrera egin ahala, baina berez kontakizun independenteak dira. Narrazinoetan bada idazlearen gomuten arrastoa, fikzinoa dan arren, baita ipuinen arau zorrotzetatik alde egiteko gogoa be.

21 narrazinoak zati bitan banatu leitekez: Umezarotik unibersidadera heldu arteko garapena kontetan dau zatietako baten; helduaroan dago protagonistea bigarrenean. Sasoi biak, iragana eta oraina, tartekatu egiten ditu Meabek liburuan, denporan atzera-aurrerako saltoak emonaz.

Eguneroko jazoera eta bizipenen bidez eregi ditu istorioak Miren Agur Meabek, pertsonaiaren hazteko gogoa be agirikoa da, bai ume izatetik gazte izatera pasetan danean, bai andra heldua danean. Deskripzino ugari eta zenbatgura baliabide poetiko topauko ditu irakurleak, autorearen aurreko lanetan legez. Idazteko prozesuaren inguruko gogoetak be tartekatzen dira, Meaberen benetako kezkak, berarentzat idaztea eta bizitzea gauza bera diralako.

Izenburua be ondo aukeratuta dago, Hezurren erretura. Hazurren zentzun metaforikoa bilatu dau Miren Agur Meabek: Bizitzearen pisuen sinbolo dira, amesak, ardurak, pasadizoak eta gomutak. Erreturea, ostera, hazur horreek lehengai legez erabiltea da, eraldatzea. Pertsonaia bera eraldatzen doa, Meabe eraldatu dan legez, orain dala sei urte liburua idazten hasi zanetik gaur arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu