Bizkaiko 38 museok Museoen Nazinoarteko Eguna ospatuko dabe
2019-05-13 13:39 KultureaMuseoak kulturearen ardatz: tradizinoen etorkizuna.
Danetara, 65 bat jarduera egingo dira Bizkaiko udalerrietako 24 ekipamendutan. Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputaduak aurkeztu dau maiatzaren 18ko ospakizunerako programazinoa.
Museo handiak eta txikiak, hainbat arlotakoak, guztiek osotzen dabe Bizkaiko museoen sarea, eta aurten barriro be bat egin dabe maiatzaren 18an Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko. Bilboko Arkeologi Museoa izan da aurten ekimen honen programazinoa aurkezteko aukeratutako eszenatokia.
Lorea Bilbaogaz batera, 38 museo horreetako hogei bat ordezkari izan dira. Museo horreetako gehienetan, doban izango da sartzea maiatzaren 18an. Ganera, Museoak kulturearen ardatz: tradizinoen etorkizuna lelopean, 65 bat jarduera egingo dira gure lurraldeko udalerrietako 24 ekipamendutan. Jardueretako batzuk Museoen Nazinoarteko Egunean baino ez dira egingo, baina gehienak asteburu osoan egingo dira.
Zabala da edizino honetarako programautako jardueren aukerea. Ospakizun honetan parte hartzen daben museoen % 97k doban sartzea eskainiko dabe bildumak ikusteko eta jarduera berezieta parte hartzeko: familientzako tailerrak Arkeologi Museoan (Bilbo), Gernikako Bakearen Museoan (Gernikan), Rialian (Portugalete) edo Itsasoa Museoan (Santurtzi); ipuin-kontalaria Simón Bolívar Museoan (Ziortza-Bolibar), edo ibilbide kultural bat Enkarterriko Museoan (Sopuerta).
Era berean, ordaindu beharreko jarduera batzuk eskainiko dira, prezio merkeagoetan, adibidez: Atxuriko Abadia iges-aretoa, Eleiz Museoak antolatua (Bilbo); ardao probetakosaio berezia Elena Uriguen sommelierragaz, Txakolingunean (Bakio); antxoari buruzko hitzaldi bat eta antxoak probetako saioa Euskal Herria Museoan (Gernika), edo Zerurainoko eskaladea eta erorketa librea Bizkaia Zubian, Bizkaia Zubian (Getxo).
Programazino osoa Bizkaiko museoen webean eta BizkaiKOArenean dago, bai eta ekimenean parte hartzen daben museoetako bakotxaren orrian be.
Ia museo guztiek eskainiko ditue bisita gidatuak (ohiko bisita gidatuak, bisita komentatuak eta/edo antzeztuak), danak doban. Horrezaz gan, aukerea dago erakusketak ikusteko be: Bidaia liluragarri bat. Gizakiaren ilargiratzearen 50. urteurrena, Andrés Urdaneta Historia Naturalaren Museoan (Loiu), edo Bizkaiko Golkoan hondoratzeak Plasentia de Butrón Museoan (Plentzia).
Era berean, berbaldi batzuk be izango, esaterako: Quintín de la Torre, tradizinoa eta modernidadea, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan (Bilbo); Ondarea eta Memoria Txilen: Villa Grimaldi adibide da, Gernikako Bakearen Museoan, edo Artelana bere testuinguruan: Dionisioren itzal luzea, Bilboko Artelan Berreginen Museoan.
Musikeak be bere lekua izango dau, Durangoko Arte eta Historia Museoan; bertso-saio plastiko esperimentala be izango da Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolarien eskutik, Maite Berriozabal gai-jartzaileagaz batera. El Pobal burdinolan (Muskiz), Ingudea eta dultzainea: burdinolaren hotsak! jarduerea egingo da.
La Encartada Fabrika-Museoan (Balmaseda), Balmasedako Putxeraren Kofradiaren eskutik, aukerea egongo da putxerak zelan kozinetan diran ikusteko eta probetako.
Amaitzeko, gauez egingo diran jarduera bi egongo dira: bat Gernikako Euskal Herria Museoan: antxoari buruzko hitzaldia eta antxoak probetako aukerea be egongo da. Santimamiñe ikusteko gaueko bisita bat, kandelen argipean, informazinogunetik kobaren ahoraino egingo dana.
Museoen Nazinoarteko Eguna (2019)
Museoak kulturaren ardatz: tradizinoen etorkizuna lemeak erreferentzia egiten deutse museoek euren komunidadeetako eragile aktibo diran aldetik beteten dituen eginkizun barriei. Museoen eginkizuna aldatzen doa gizartean, lehen, erakunde estatikoak ziran eta orain, barriz, aldatzen dagoz interaktiboago izateko, ikusleak eta komunidadea hartzen ditute kontuan, eta malguagoak, moldagarriagoak eta mobikorragoak dira. Gaur egun, ardatz kultural bilakatu dira eta plataformalegez funtzionetan dabe, sormena eta ezagutzea buztartzen dira eta bisitariek aukeera dabe alkarregaz sortu, konpartidu eta jarduteko.
Bizkaiko 24 udalerritako museoek egin dabe bat:
Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Eder Museoa, Bilboko Artelan Berreginen Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Aste Santuko Pasoen Museoa, Bilboko Vista Alegre Plazako Zezen Museoa, Euskeraren Etxea; Abanto-Zierbenan (Gallarta), Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoa; Bakion, Txakolingunea; Balmasedan, La Encartada Fabrika-Museoa, Pasinoaren Interpretazio Gunea, Balmasedako Historiaren Museoa; Berangon, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa; Berrizen, Margarita Maria. Berriztik mundura museoa; Bermeon, Arrantzaleen Museoa; Durangon, Arte eta Historia Museoa; Elorrion, Valentin Berrio-Otxoa Museoa; Galdamesen, Loizaga Torrea. Ibilgailu zahar eta klasikoen museoa; Gernika-Lumon, Euskal Herria Museoa, Gernikako Bakearen Museo Fundazinoa; Getxon, Bizkaia Zubia; Karrantzan, Dolomitas Museoa; Kortezubin, Santimamiñe; Leioan, Medikuntza Historiaren Euskal Museoa; Loiun, Andrés de Urdaneta Historia Naturalaren Museoa; Mañarian, Hontza Museo Fundazinoa; Muskizen, El Pobal burdinola; Orozkoko Museoa; Plentzian, Plasentia de Butrón Museoa; Portugaleten, Rialia-Industriaren Museoa; Santurtzin, Agurtza Arrantza Interpretazio Zentroa eta Santurtzi Itsasoa Museoa; Sopuertan, Enkarterriko Museoa; eta Ziortza-Bolibarren, Simón Bolívar Museoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!