Rikardo Arregi Sariak modalidade bi izango ditu aurten: Kazetaritzea eta Komunikazinoa

Bizkaie! 2019-05-13 12:56   Kulturea

Zemendian emongo ditue ezagutzera XXI. edizino honetako irabazleak.

Eusko Jaurlaritzeak eta Andoaingo Udalak aurtengo Rikardo Arregi Saria aurkeztu dabe gaur, barrikuntzez beteta datorren edizino bat. Azaldu dabenez, aurten sari bi emongo ditue: Kazetaritza Saria eta Komunikazino Saria. Aurten, lehen aldiz izentauko dira finalistak: lau Kazetaritza Sarirako eta beste lau Komunikazino Sarirako, gehienez.

Aurtengo Rikargo Arregi Kazetaritza Sariaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzeak Donostian dauen egoitzan egin da, eta han izan dira Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendaria; Ainara Rodriguez Zalakain, Andoaingo Udaleko Euskera zinegotzia eta alkateordea; eta Patxi Baztarrika, Udaleko Euskera teknikaria.

Azaldu dabenez, Euskerearen normalizazinoak ezinbestean behar ditu euskeraz egindako kazetaritzea eta komunikazino prestu eta modernoa, kalidadekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Hori dala-eta, igaz XXX. urteurrenagaitik egindako edizino bereziaren ostean, aurten be nobedadeak sartzea erabagi dabe.

Estibaliz Alkortak azpimarratu dauenez, euskerazko hedabideek egiten daben eskaintzea gero eta zabalagoa da. EiTB taldeak telebistan, irratian eta ingurune digitalean egiten dauen eskaintzaz gan, baditugu ehun komunikazino-proiektu baino gehiago informazio orokorra, tokikoa edo berezitua eskaintzen dabenak. Badaukagu egunero euskera hutsean argitaratzen dan egunkari bat, badagoz informazino orokorreko aldizkariak, aldizkari berezituak, tokiko telebistak, tokiko egunkariak, irrati-kateak eta ingurune digitalean dabizen gero eta hedabide gehiago. Eusko Jaurlaritzeak eta foru aldundiek pausu garrantzitsua emon dogu aurten errealidade anitz eta aberats hori hobeto jagoteko, proiektu horreen finantziazino publikoa hobetuz. Horrezaz gan, hedabide horreen gizarte mailako autortzea hobetu nahi dogu, eta horretarako, Andoaingo Udalagaz batera, Rikardo Arregi Saria indartu egin dogu, adierazo dau.

Ainara Rodriguez Zalakainek azaldu dauenez, euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzea dogu helburu nabarmendu dau. Igaz, XXX. urtemugea zala-eta, edizino berezia izan eban RAKSek, eta konpromiso publiko bat hartu eben antolatzaileek. Hain zuzen be, konpromiso hori beteteko barrikuntzea helburu daben aldaketak eginez dator XXXI. edizinoa: Sari bi izango dira aurten: bata, orain arteko moduan Kazetaritza Saria, barriemoiletzeari eta kazetaritzearen ezaugarri eta erispideei estu lotua; eta bestea, Komunikazino saria, euskerazko komunikazinoa molde eta formatu barrietara egokitzeko bidean egindako pausu esanguratsu eta barritzaileak sarituko dituana, azaldu dau.

Patxi Baztarrika epaimahaiaren idazkariak azaldu dauenez, Kazetaritza saria-ri jagokonez, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskeraz plazaratu diran kazetaritza-lanek izango dabe saria eskuratzeko aukerea. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa. Era berean, Komunikazino saria eskuratzeko aukerea izango dabe euskerazko komunikazinoa formatu barrituetara egokitu eta euskerazko komunikazinoaren mesedetan euren aukerea erabilteko pausu barritzailetzat joten diranek. Kasu honetan be 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean euskeraz sortu eta, kasua bada, zabaldutako komunikazino ekintzak izango dira. Komunikazio saria be 9.000 eurokoa izango da, eta irabazleak Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistiko bat eroango dau. Gehienez be zortzi finalista izango dira, eta finalistek Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dabe.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazino lanak) irailaren 15era bitartean aurkeztu daitekez, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez edota helbide elektroniko honetara bialduta: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da ezinbestekoa izango hautagaitzea aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa dauelako bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek eurek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabagiteko.

Epaimahaia ondorengoek osotuko dabe: Jose Inazio Basterretxea, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien fakultadeko irakaslea; Itxaro Borda, idazlea eta prentsa kolaboratzailea; Aingeru Epaltza, idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea; Maite Goñi, Mondragon Unibersidadeko HUHEZIko irakaslea eta komunikazinoan aditua; Elixabete Larrinaga, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien fakultadeko irakaslea; Ion Muñoa, Deustuko Unibersidadeko Komunikazino Graduko irakaslea; eta Jon Sarasua, MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazinoan aditua. Mahaiburua Ainara Rodríguez Zalakain izango da, eta idazkaria, Patxi Baztarrika.

XXXI. edizio honetako finalistak nortzuk diran zemendiaren hasieran emongo dau ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia zemendiaren amaieran izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean. Orduan jakingo da nortzuk diran aurtengo saridunak. Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen dauen Sari honek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren dirulaguntzinoa jasoten dau urtero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu