Aroa Arrizubietak irabazi dau Arabako eskolartekoa
2019-05-13 08:26 BertsolaritzeaArabako ordezkari izango da Saran Aitor Ugarte azpi-txapeldunagaz batera.
Legution izan da astegoienean Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala Bertsoa Bizi Gazte egunaren barruan. Legutioko Udala eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz Ikastolen Alkarteak eta Arabako Bertsozale Alkarteak urtero antolatzen daben ekimenak 14 urtetik 18 urtera bitarteko Arabar bertsozaleak batu nahi izan ditu hirugarren urtez.
Goizeko 10:30ean, lehiaketara aurkeztutako 7 bideoklipak proiektau ditue eta ikusleek txalo zaparradea eta giro ederrean jaso ditue azken hileotan egindako lanak.
Ondoren, oholtza gainean sei gazte, Aramaioko bertso-eskolako Danel Herrarte, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi, Gasteizko bertso-eskolako Aroa Arrizubieta eta Eli Zaldua, eta Lautadako bertso-eskolako Beñat Cano.
Peru Abarrategi eskolarteko txapeldun ohiak gidatu dau saioa. Agur bana kantau ostean nerbioak baretuta binaka ofiziotan ibili dira zortziko nagusian zein txikian, bakarka lau oinak, puntu bati erantzun eta gai bati buruzko bertso bat kantau behar izan ditue. Esperientzia eta freskotasuna batu dira oholtza gainean entzuleen gozagarri.
Hasibarriak izan arren maila dotorea erakutsi dabe Danel Herrartek eta Eli Zalduak, bertso batzuetan goia joz. Txalo zaparrada handiak jaso ditue.
Lan txukuna egin dabe Beñat Cano Aguraindarrak eta Aramaioko Martin Abarrategik. Patxadaz kantau eta pintzelada umoretsuak itxi ditue.
Aroa Arrizubietak esperientzia, gogoa eta txispa ekarri ditu gaur, eta Gasteizera bueltan eroan dau garaipena hirugarrenez, bere eskolarteko azken urtean.
Bigarren postua igazko txapeldun Aitor Ugartek eskuratu dau, hurrengo urtean gogotsu bueltauko dala adierazoteko.
Arabako bertso-eskola ezbardinetako irakasleen eskutik eskuratu dabe saria gazteek urte osoan zehar egin dan transmisino lana borobiltzen dagoala irudikatuz. Aroa eta Aitorrek, azken urteetako lana eta Arabako nagusien txapelketan kanteteak emon deutsen esperientziak babestuta, ederto ordezkatuko dabe Araba bagilaren 8an Saran egingo dan Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finalean.
Jaiari arratsaldera arte eutsi eutsien Legution. Saioaren amaieran bazkaria izan eben bertaratutako gazteek eta bertan izan da Bideoklip lehiaketako sari-banaketea:
- Bideoklipik onena: Itxi begiak
- Txalometroaren saria: Kemena
- NibanaxArabakoa bideoklip bozkatuena: Laranja osoak
- Bideoklipik originalena: Mendialdeko piratak (Kanpezu).
Sariketearen ostean, jantza-plazan askatu dira nerbio guztiak Mulixka jantza taldeagaz, eta bertso eskoletako kideek mikrofono edegia izan dabe lehiarik barik mingainak jantzan jarteko. Arabako txoko ezbardinetako sortzaile gazteek eta bertsozaleek jai borobila izan dabe Legution barriro be.
Honenbestez, Arabako 2019ko Eskolarteko bertso txapelketako 6 finalistek eta bideoklip lehiaketako talde sarituetako taldekide guztiek, asteburu bateko egonaldia izango dabe opari Eulaten (Nafarroan) irailaren 6,7 eta 8an. Bertan, kirola abenturea, euskerea eta sormena buztartuz Urbasa ingurune parebakoan egonaldi bikainaz gozetako aukerea izango dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!