Ia 200 bertso emonaldi, ikasturtea amaitzeko
2019-05-10 08:58 BertsolaritzeaIa 27.000 neska-mutilek landu dabe bertsolaritzea klasean 2018-19 kursoan.
Topaketak, kantaldiak, besta egunak... leku bakotxean izen ezbardina hartuta be, bertsolaritza ikasturtea biribiltzeko saioak dira danak. Urtean zehar landutakoaren erakusleiho izango dira oholtzak egunotan. Apiriletik bagilera, 196 bertso emonaldi antolatu ditue, gurasoei, ikaskideei eta herriko bizilagunei ikasitakoa erakusteko.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, 205 herritan, 469 ikastetxetan eta 26.366 ikaslegaz landu dau Bertsozale Alkarteak bertsolaritzea aurten, 53 irakasleren eskutik. 34 urte bete ditu bertsolaritza ikastetxeetara eroan dauen egitasmoak. Ganera, kurso honetan www.bertsoikasgela.eus atari barria erabili ahal izan dabe ikasleek, irakasleek zein ikastetxeek. Webgune horretan bertsolaritzea lantzeko baliabideak esku-eskura jarri dira.
Kontuak kontu, ikasgela bakotxak bere emonaldia prestau dau: bat-bateko saioak, klasean ikasi eta gehien gustau jakezen sortak kantau, antzerki txikiak... Bizkaian, berbarako, 18 topaketa egingo ditue herri zein eskualdeetan, eta inguruko bertsolari ezagunek hartuko dabe parte. Bestalde, Mikel Inunziaga, Inun, musikariaren laguntzinoagaz 50 kantaldi eskainiko dira, ikasturtean landutako bertso sortak gogora ekarteko.
Aitatzekoak dira, ganera, Gipuzkoan egingo dituen 82 topaketak eta Ipar Euskal Herriko Bertsulari Ttiki Egunak. Azken horreetan Oskar Estanga bertsolari eta musikariak igongo dau oholtzara, ikasleakaz batera. Arabari jagokonez, Gorbeialdean, Lautadan, Amurrion eta Laudion izango dira topaketak, eta Nafarroan, 22 saio egongo dira.
Ikasturtea amaitzear dagoan arren, gazte bertsozaleek aukera ugari izango ditue hurrengo asteetan bertsoak lantzeko. Eskolarteko txapelketak martxan dagoz orain, eta garagarrilean Bertso Udalekuak hasiko dira. Duzunaritzen, Uitzin, Aubixan, Orion eta Zuhatzan izango dira egonaldiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!