V. Bilbao Bizkaia Harro-k aldarrikapen-izakerea sendotu eta marka-irudiak estreinauko ditu

Bizkaie! 2019-05-09 13:40   Pil-pilean

Sexu eta afektibitate aniztasunaren aldeko jardunaldiak bagilaren 20tik 23ra egingo dira.

Aurten be, ortzadarraren banderea astinduko dau haizeak gure kale eta plazetan Bilbao Bizkaia Harro ekimena dala eta. Ekimen horren bosgarren edizinoa egingo da aurten eta barrikuntzaz beterik dator. Ekitaldiaren helburu nagusia da LGBTI+ personak ikusgai egin eta horreen eskubideak aldarriku, bagilaren 20tik 23ra, Bilboko kaleetan.

Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren aurtengo edizinoan barrikuntza ugari izango dira eta, besteak beste, ekimenaren kolore anitzetako programea Bizkaiko beste herri batzuetara zabalduko da, izan be, kultura eta aldarrikapen-jarduerak egingo dira.

Ortzadar LGBT alkarteak atondu dau ekimena aurten, orain arte antolatzaile lanetan jardun dauen Bilbao Historiko eakarteari lekukoa hartuta. Aldaketearen helburuak dira afektibidade eta sexuaniztasunaren aldeko aldarrikapena sendotu eta asmo horren emoitzea ekimenari lotutako jardueretan islatu.


Irudi eta marka barriak

Aurtengo barrikuntzetako bat ekimenaren irudi barria da. 2019tik aurrera ekimena Bilbao Bizkaia Harro deituko da eta gure hizkuntzea, euskerea, batuko dau jardueretan, Bizkaiko gizartean dagoeneko finkatuta dagoan ekimena sendotu eta sustraitzeko helburuz. Halan da guztiz be, izen barria Bilbao Bizkaia Pride izenagaz batera erabiliko da, zabalkundea sustatzeko, ‘Pride’ kontzeptuak izakera unibersal ukaezina dauelako eta mundu guztiak erraz ezagutzen dauelako.

Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren logotipo barriari esker, markea erraz ezagutzeko modukoa izango da: irudia kolorea anitzeko zirkulua da, ortzadar bikotxa, LGBTI+ banderearen sei koloreak dituala eta aniztasunaren topalekua irudikatzen dau.

LGBTIQ+ personen eskubideen aldeko ekimen hau indarbarrituta dator, lau egunetan Bizkaiko uriburuan egingo diran kultura eta arte-jardueren egitarau aparta dala eta. 


Egitaraua

Ruth Lorenzo eta La Basu abeslariek kontzertuak eskainiko ditue. Bestalde, musikari jagokonez, Asier Bilbaoren ikuskizuna, dj-saioak eta Abba taldearen omenezko kontzertua eskainiko dira.

Aurten, Bilbao Bizkaia HARRO ekimenak gai jakin bat jorratu nahi dau, gogoetea eragiteko: aniztasun funtzionala daben LGBTIQ+ personak, hain zuzen be. Kolektibo horretako kideek esango dabe Bilbao Bizkaia HARRO ekitaldiaren hasierako pregoia.

Artista batzuek ekimenagaz bat egin eta euren lanak ikusgai jarriko ditue uriko zenbait lekutan. Gainera, Bizkaiko Batzar Nagusiek barriro be babestuko dabe LGBTIQ+ personen eskubideen aldeko ekimen hau eta sortzaile batzuen erakusketea antolatu dabe. Zinema-emonkizunak be izango dira BilbaoArten eta berbaldi-alkarrizketea eskainiko da bagilaren 27an, Euskaltzaindiaren egoitzan: Miriam Urkia González euskaltzainak, Akademiaren hiztegiaren arduradunak, Hizkera inklusiboa, Euskaltzainditik izeneko berbaldia emongo dau.

Beste alde batetik, oraindino zabalik dago epea ontziak hilaren 22ko Ur Parade ikusgarrian izena emoteko.

Aurtengo agertoki nagusia Bilboko Arenalean egongo da, baita informazino-gunea chill out eremua eta umeentzako olgetagunea (olgeta didaktikoak eta sentsibilizazino-ekintzak eskainiko dira han). Hain zuzen be, gune horretan, Yogurinha Borova polifazetikoak ipuin-kontalariarena eta Dj-arena egingo dau.

Aurrekoez gan, ondokoak dagoz egitarauan: drag-saioa, herri kirolak takoiak jantzita, kalejirak, kale-apainketea...


Ur Parade eta boluntarioak

Aniztasunaren aldeko aurreko desfileetan, Ur Parade izan da jarduerarik esanguratsuenetakoa, hau da, itsasadarrean nabegau daben aniztasunaren aldeko itsasontzien ibilaldia. Ur Paradek erakutsitako kolore anitzeko Bilboren irudiak mundu osoan ikusi dira. 

Holan, itsasontzia euki eta, ekimenari atxikita, itsasadarrean ibili nahi dabenek emon leikie izena edo, bestela, itsasontzi baten zerbitzuak kontratetan dituen enpresa eta erakundeek, itsasontzia sustatu eta jenteak Ur Paradez gozau daian itsasontziaren barruan.

Beste alde batetik, LGBTIQ+ personen eskubideen aldeko aldarrikapenagaz bat egiten daben lagun guztiak gogoratu nahi ditue antolatzaileek Bilbao Bizkaia Harro ekimena egiteko lanean dabizen boluntarioen taldean parte-hartu deien. Talde horretan ibilten diran guztiek erabat beharrezkoa dan laguntzinoa emoteaz gan, ekimen honi lotuko jakoz hasieratik bertatik. Boluntarioen taldean parte hartzeko, ondoko baldintzak bete behar dira: 18 urte beteta izatea; sasoiz hurreratu eta arduraz jokatzea izena eoandako txandetan parte hartzeko; eta informazinoa jasoteko eta jarduerak antolatzeko batzarretan parte-hartzea.

Itsasontziren baten joateko nahiz boluntario jarduteko izen-emoteak online egin daitekez, webgunean dagoan inprimakiaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu