'Ondare inmateriala babestea errazagoa izango da aurrerantzean'

Bizkaie! 2019-05-09 12:30   Kulturea

Babes-eredu eraginkorragoa sustatu eta aurrera egingo da kultura-ondasun immaterialei balioa autortzeko bidean.

EAJ/PNV, PSE, EH Bildu eta Podemoseko ordezkariek onartu daben araudi barriari esker, kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan dauen bilakaerara egokitzeko aukerea izango da.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua pozik agertu da Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen Legea onartu ostean. Sailburuak adierazo dauenez, Lege barriagaz babes-eredu eraginkorragoa sustatuko da, eta aurrera egingo da kultura-ondasun immaterialei balioa autortzeko bidean. Zupiriak nabarmendu dauenez, gaur onetsitako Legeagaz, eta aurretik legebiltzar-taldeakaz negoziazino-prozesu luze bat egin ondoren, kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan dauen bilakaerara egokitzeko aukerea izango da. Lege barriak 1990eko araudia aldatzen dau eta ondarea babestearen arloan barrikuntza esanguratsuak jasoten ditu.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 2017ko garagarrilaren 18an onartu eban Euskal Kultura Ondarearen Legearen aurreproiektua. Azken urte eta erdian legebiltzar-taldeak Legea negozietan ibili dira, eta jagokozan aldaketak sartzeko aukerea izan dabe. Azkenean, Legea gaur onartu da EAJko, PSEko, EH Bilduko eta Podemoseko legebiltzar-taldeen babesagaz; PP alderdia, barriz, abstenidu egin da.

Sailburuak azaldu dau legean kultura-ondasunen kategorizazino barri bat sartu dala eta hiru arlo bereizten dirala: kultura-ondare higiezina, kultura-ondare higigarria eta kultura-ondare immateriala. Horrezaz gan, 19 kategoria batu dira, euskal kulturea osotzen daben adierazpide eta tradizinoak jasoteko. Bestalde, kultura-ondare higiezinean hiru babes-maila proponiduten dira: babes bereziko kultura-ondasunak, erdi-mailako babeseko kultura-ondasunak eta oinarrizko babeseko kultura-ondasunak. Azken ondasun horreek, oinarrizko babesa udalen esku dagoan arren, Euskal Autonomia Erkidegoko ondarearen erregistroan sartuko dira.

Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea onartzean, Euskadi bere kultura-ondarea defendidu, aberastu, zabaldu eta sustatzea bermatzen eban ordenamendu juridikoa sortzen erkidego aitzindarietako bat izan zan. Orain, barriro be, erkidego aitzindarietako bat da araudian ondare immaterialaren babesa jasoten, orain arte Estaduan Nafarroako Foru Erkidegoak eta Andaluziak bakarrik egin dabelako.


Erakundeen arteko koordinazinoa

Erakunde eskudunak Eusko Jaurlaritzea, aldundiak eta udalak diranez, Legeak erakunde bakotxaren eskumenak zehazten ditu. Era berean, Euskal Kultura Ondarearen Kontseilua eta Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoa sortzea jaso da. Lehenengoak konsulta eta aholkularitza zereginak izango ditu; bigarrenak erakundeen arteko eta sail zein sektoreen arteko jarduketak koordinetako beharrari erantzuten deutso.


Babesa gaur egun

Euskadin, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen bitartez, 11.440 ondasun dagoz babestuta. Ondasun higiezinei jagokenez, 5.845 ondasun arkitektonikoak dira eta 5.515 ondasun arkeologikoak, 572k babes berezia dabe eta 58k babes ertaina. Horrezaz gan, ondasun higigarri babestuak 80 dira (guztiak Euskadiko eleizetako erretaulak). Azkenik, udalek babestutako ondasunak dagoz (Lege barrian oinarrizko babesa), nahiz eta oraindino ez dagozan Euskal Kultura Ondarearen Erregistroan inskribiduta.

Ondare immaterialari jagokonez, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Kultura Ondarearen Zuzendaritzearen bidez, hasita dago hainbat ondasun, besteak beste, hainbat inauteri, euskal pelota edo euskal jantzak, babesteko aukerea lantzen.

2019/05/09 12:30

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu