Asiskoren 'AztiHitza' ibilbidea Beran hasiko da

Bizkaie! 2019-05-09 08:15   Kulturea

Xahok 1835ean egindako ibilbidea dau ardatz Asiskoren AztiHitza eleberri grafikoak.

Agosti Xahok egin eban ibilbideko zenbait herritatik pasauko dira AztiHitza ikuskizunaren saioak maiatzean eta bagilean. Xahok 1835ean egindako ibilbidea dau ardatz Asiskoren AztiHitza eleberri grafikoak, eta berau oinarri hartuta, AztiHitza ikuskizuna atondu dabe, hainbat artistaren laguntzaz. Ekimen marraztua eskainiko dau Asiskok, antzerkia Antxok, Axerik eta Oihanartek, eta kantaldia Ihitzek eta Xan Mitxelek. Lehenengo hitzordua Beran izango da aste honetako eguenean, Beran (maiatzaren 9an), eta ondoren Goizuetan (17an), Uitzin (24an), Senpereko Oihanean (29an) eta Saran (31n). Bagilaren 6an, Leitzan eta 14an Ezkurran izango da AztiHitza ikuskizunaz gozetako aukerea. Hitzorduotan AztiHitza liburua ezagutzeko eta eskuratzeko aukerea izango da. Eta udagoienean Xahoren ibilbidea egingo dogu: Baionatik Lekunberrira, Lesakan zehar.


Xaho, heroi nazionala

Euskal Herriko heroi nazionala da Agosti Xaho, Asiskok ETBko Ahoz Aho saioan adierazo eban legez. Haren figurea aldarrikatu eta haren proposamen eta gogoetak gogora ekarri ditu marrazkilariak eleberri grafiko honen bidez. Errealidadetik oso hur dagoan fikzino batetik abiatu da egilea istorioari hasierea emoteko: Bizkaitar batzuek Atharratzeko trinketea erosi dabe, eta bertako gazteei itxi, nahi daben eran kudeatzeko. Baldintzea: Bertan sortu zan Agosti Xahori (1811n) omen egitea. Baeukan aspaldi Basaburuko gazteak egoitzea behar eben eta onartu egin dabe ezohiko tratua. Baina hasteko... Nor zan Xaho?. Zinezko egintza honek aukerea emon deusku gure heroi nazionala hobeto ezagutzeko, izan be, oraintsu arte euskeratu barik egoan Xahoren Bidaia Nafarroara Euskaldunen oldartzearen denporan liburua topau, eta bidaia hori berregin dabe Atharratzeko gazteek, eta kronikea irakurriz segiduko dau egilea Baionatik Lekunberriraino, euskaldunen lehen oldarraldian (1835ean). Gainera, misterioz beteriko etxea dogu Xahoenea bera, eta bakarrik geratzen danean, Xilbiri agertzen jakoz aspaldiko espirituak; horreek osotuko dabe Agosti Xahoren indarra hizkuntzalaritzan, politikan, kazetaritzan, kosmogonian... Eta egoitzea herrikideei zabaltzen dabenerako, Xilbik eta ganerako gazteek etxekotua dabe euskaldun ezinbesteko ha. Joandako zemendian aurkeztu eban Asiskok AztiHitza liburua eta Durangoko Azokan be aurkeztu eta polito saldu zan. Erroa argitaletxea, Prefosta alkartea, Gure Berriak webgunea eta Herrima alkartea batu dituan mugaz gaindiko ekimena da liburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu