Erroxape emakume alkartearentzat Hegaluze Saria
2019-05-09 09:51 Pil-pileanBermeoko Arrain Azokeak legez, alkarteak be mende laurena bete dau aurten.
Arrain Azokan urtero-urtero izan dauen parte-hartze aktiboagaitik eta inplikazinoagaitik sarituko dabe Erroxape, epaimahaiak adierazo dauenez. Itsuki Irratiak antolatzen dau Hegaluze Saria, Arrain Azokearen laguntzinoagaz, Bermeoren izena zabaldu edo herriaren alde egin dabenen lana autortzeko.
Kasualidadez, Erroxape emakume alkartea orain dala 25 urte jaio zan, Arrain Azokearen moduan. Hortaz, batak eta besteak mende laurena bete daben honetan, Hegaluze Saria Erroxaperi emotea aproposa da. Urteotan herriaren alde egin dauen ahalegina txalotu dau epaimahaiak, baita Bermeoko hainbat ekimenen alde egindako lana be, tartean Arrain Azokan.
Gaur egun, ia 500 kide inguru ditu Erroxape alkarteak. Emakumeen ahalduntzean lan bikaina egin dabela uste dau epaimahaiak, eta ikuspegi feministearen barruan urteotan izan dauen garapena aitatu dau. Modu aktiboan hartzen dau parte herriko ekimenetan.
Bermeoko Arrain Azokea maiatzaren 17tik 19ra egingo dabe, mende laureneko ibilbidea eta herriak urteotan izandako garapena gogoratuaz. Urtero legez, herriaren ondare kultural, itsastar, ekonomiko eta gastronomikoa erakusteko aukerea izango da, egitarau zabalari esker. Erroxaperi Hegaluze Saria emoteko aprobetxauko dabe hitzordua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!