Soinua da Rekalde Aretoko erakusketa barriaren oinarria

Bizkaie! 2019-05-09 08:09   Kulturea

Barriek 2019 programan saritutako Oihane Iraguen da artistea.

Oihane Iraguenen erakusketea Rekalde Aretoan (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Museo eta arte-galerietan jarten diran erakusketa gehien-gehienetan, ikusteko obrak egoten dira. Bilboko Rekalde Aretoan zabaldu barri daben erakusketan, ostera, entzumena da artelanen pertzepzinorako bide nagusia. Egon badagoz ikusteko objektuak, baina Oihane Iraguen bilbotarraren erakusketako elementu nagusia soinuak dira.

Sorkuntza artistikoa bultzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak emoten dituan Barriek beketako bat eskuratu dau Ibarguenek, eta hori izan da erakusketa berezi honen jatorria. Barriek egitasmoko bekadunen erakusketa guztien moduan, hau be Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan dago, eta doban sartu leiteke. Bagilaren 30ean zarratuko dabe.

Nondik datozan oso garbi ez dagoan soinuek egiten deutsie ondoetorria publikoari: Bost kanal eta bideo bateko soinuak nahastau ditu Oihane Iraguenek, jenteak bere burua audizino-maiztasun jakin batzuen barruan sentidu deian. Artistearen asmoa soinuaren bidez espazioa betetea da. Soinuak berak gidatuta, publikoak ibilbide zehatz batzuk egin deizala bilatzen dau.

Material akustikoagaz batera, akusmografia izenekoak be badagoz erakusketan. Papel ganeko soinuaren transkripzino abstraktuak, marrazki-partitura antzekoak, dira akusmografiak.

Oihane Iraguen Zabala 1985ean jaio zan, Bilbon, eta doktorea da EHUn, Arte eta Teknologia sailean. Azken urteotan, bere ikerketa artistikoen ardatza soinua izan da, eta berau sortu eta aldatzeko bitarteko teknologikoak. Tesia be idatzi dau gaiaren inguruan.

Alderdi bisuala ezabatzen daben soinu-praktikak interesetan jataz, holan irudi mentalak sortuz. Arraroak, bakarrak, konpartiduak... desbideratuak, estuak, adierazo dau artisteak. Entzutea norberaren barruko ekintzea da, soinuaren eta zentzumenaren burruka-esparrua. Zentzumenetik, ikusten danetik, logikearen mugetatik aparte, zarata bat... Zurrumurru bat...

Euskal Herritik kanpo erakusketa ugari egin ditu Iraguenek, Manchester, Londres eta Berlinen, esaterako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu