Basque Teamek eta UNICEFek kolaborazino hitzarmena sinatu dabe
2019-05-08 12:10 KirolaKirolaren balioak umezaroan eta nerabezaroan zabaltzeko asmoa dago.
Nazioarteko txapelketetan euren parte-hartzea bultzatzeko goi-mailako euskal kirolariei baliabideak eskaintzea helburu dauen Basque Team Fundazinoak eta Umearen Eskubideen Konbentzinoan ezarritakoaren arabera, umezaroaren eta nerabetasunaren garapena, babesa eta biziraupena bermatzea helburu dauen UNICEF Fundazinoko Euskadiko Batzordeak urtero barrituko dan lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur Bilbon, UNICEFeko Umezaroaren Eskubideen inguruko Hezkuntza, Uritartasun Globala eta Garapenerako Kirola programearen testuinguruan. Hitzarmena 2030 Agenda eta Garapen iraunkorreko 17 helburuak aintzat hartuta zarratu da. UNICEFen egoitzan egindako ekitaldian izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidentea, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta Maider Unda Basque Teameko enbaxadorea eta burrukalari olinpiko ohia, beste kirolari guztien ordezkari legez.
UNICEFeko Euskadiko Batzordeak interesa dauka kirolagaz lotuta Basque Teamek sustatzen dituan balioak zabaltzeko eta babesteko, horreen artean, aniztasuna, genero-bardintasuna, gainditze-ahalmena, taldeko lana, personen integrazinoa eta kirol kulturearen sustapena gizartearen elementu eratzaile legez. Hori dala eta, hitzarmen honen bitartez, UNICEFeko Euskadiko Batzordeak, Basque Teamegaz batera, balioak sustatzeko eta uritartasun globala eregiteko kirolaren garrantzia zabaltzeko asmoagaz, ekintzak antolatzeko konpromisoa hartu dau.
Bestalde, Basque Team Fundazinoak UNICEFek umezaroaren eta nerabezaroaren alde garatzen dituan programetan parte hartu eta horreek zabaltzeko lagunduko dau. Basque Team, bere Baloreetan BAT proiektuagaz koherentzian lan eginda, UNICEFek hezkuntza esparruan bultzatutako ekintzetan parte hartzen eta Garapen Iraunkorreko 2030 Agendea zabaltzen konprometiduten da, errespetua, genero-bardintasuna, ingurumenaren babesa eta kalidadezko hezkuntzeagaz lotutako gaietan sensibilizetako asmoagaz.
Isidro Elezgaraik adierazo dau ilusino handiz eta eskertuta hartu dabela hitzarmenaren sinadurea, kirola eta olgetak ezinbesteko elementuak diralako ume eta nerabeen osasuna, zoriontasuna eta ongizatea eregiteko: UNICEFen munduko ume guztiek olgetarako eta inguru osasuntsu eta seguruetan olgetako aukerea izan deien lan egiten dogu. Esparru honetan biolentzia ezabatzeko kirolagaz loturea daben balioetan oinarritutako hezkuntzea beharrezkoa dala uste dogu.
Bestalde, Bingen Zupiriak Basque Team Baloreetan BAT proiektuaren bitartez hezkuntzan egiten dagoan lana nabarmendu dau: Kirolaren mundua esperientziez eta bizitza-eskolez beterik dago. Gero eta hobea izateko eta gizarte hobea eregiteko bidean egunero aurrera egiteko, eredu onak hartu behar dira ispilu. Esangura horretan, kirol ez-profesionalean gazteek euren egunerokoan jarraitu beharreko balio esanguratsuenak dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!