Poesiaz beteta dator maiatza Gasteizera

Bizkaie! 2019-05-08 11:47   Kulturea

Errezitaldiak, mintegiak, kontzertuak, irakurraldi herrikoiak... egongo dira.

Poetak Maiatzean, Gasteizko Nazinoarteko Poesia Jardunaldien zazpigarren edizinoa hasiko da gaur, eguaztena. Hilaren 31ra arte, olerkigintzea uriko txoko guztietara zabalduko dabe, jardueraz betetako egitarau potoloari esker. Idazleak izango dira protagonista nagusiak, eurek gidatuko dituelako ekintza gehienak.

Inaugurazinoa 18:00etan izango da, eta handik ordubetera, Miguel Fernándezen Ágora poética soinu-instalazinoa zabalduko dabe. Hurrengo asteotan, hortaz, poesiak hartuko dau Gasteiz, forma askotan: olerkien errezitaldiak eta irakurraldi musikatuak egongo dira, jakina, baina baita tailerrak, mintegiak eta erakusketak be, besteak beste. Danetara, ehun ekintza poetiko baino gehiago.

Jaialdiaren helburu nagusia olerkigintzea Gasteiz osoan zabaltzea da. Hori dala eta, unibersidadean, tabernetan, merkataritza-guneetan, eskoletan zein leku publiko enblematikoetan antolatu ditue jarduerak. Edade guztiak gogoan izan ditue programazinoa egiteko orduan. Esate baterako, hilaren 12an, grafiti poetiko kolektiboa egingo dabe gazteakaz, 55 urtetik gorakoen errezitaldiak be badagoz, eta umeentzako ekintza ugari be bai.

Euskereak be lekua izango dau Poetak Maiatzean jaialdian, gaztelaniazko ekitaldiak gehiago izango diran arren. Euskerazko agerraldiak egingo dituen sortzaileen artean, Bernardo Atxaga, Eider Perez, Leire Etxezarreta eta Jabier Muguruza dagoz. Ganera, bertsolaritzeagaz lotutako ekintzak eta Joxan Artze gogoratzeko saioa egingo ditue.

Programazino osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu