Bilboko Aste Nagusiko 34. Bertako Metal, Pop Rock-en izena emoteko epea bihar zabalduko da

Bizkaie! 2019-05-07 11:59   Musikea

Izena emoteko epea eguaztenean hasi (maiatzak 8) eta bagilaren 9ra arte egongo da edegita.



Bilboko Udala
k sustatutako Bertako Metal, Pop Rock-a erakusketearen 34. aldi honetan parte hartu gura izan ezkero, izena emoteko epea eguaztenean hasi (maiatzak 8) eta bagilaren 9ra arte egongo da edegita.

Udalak, Aste Nagusian Bertako Pop-rockaren Erakustaldiaren beste aldi bat antolatuz, laguntzinoa emon nahi deutse talde gazte eta ez-profesionalen lanari, euren talentua zabaltzeko plataforma bat eskaini eta hasten dagozan taldeen proposamenak zuzenean eta doban entzuteko aukerea emon ikus-entzuleei jaietan.

Historian zehar, 1985etik hasita, egungo musikagintzako hamarka artista eta talde ospetsuk parte hartu izan dau, eta Bizkaia osoko musika-arloko artisten ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile, Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot, Zazkel... 528 izan dira musikearen munduko genero horreetako izen ezagunak, erakustaldi honi esker lehen pausuak egin dituenak eta ezagutzera emon dabenak euren burua.

Udalaren webgunearen bidez baino ezingo da emon izena. Bizkaian bizi diran bakarlariak eta musika-taldeak aurkeztu ahal izango dira, gitxienez kide batek Bizkaiko Lurralde Historikoan egon behar dauelarik erroldauta.

Erakustaldiaren kontzertuetan, Metal, Pop-Rock, Folk, Rap, Hip Hop eta bestelakoetan (jazza kenduta) sartzen diran musika-estiloak entzuteko aukerea izango da. Hamabost banda finalista hautatzeko, epaimahaiak (kazetari eta musika-kritikariak) kontuan hartuko ditu andrazkoek osotutako taldeak eta euskerazko lanak.

Beste alde batetik, bandek eta artistek, izena emoteko, inprimaki bat bete beharko dabe eta, honako honeek aurkeztu inprimakiagaz batera: jatorrizko 4 kantu, mp3 edo wav formatuan; argazki bat jpg, bmp edo png formatuan; artistearen edo taldearen historia/biografia, doc, docx edo pdf formatuan.

Erripako kaiak, Unamuno plazeak, Arenalak, Bailén kaleak eta, gaur egun, Bilborock aretoak 194.000 ikus-entzule baino gehiago batu izan ditue, Erakustaldiaz gozetan joanak 34 urteko historian; bera da Aste Nagusiko kartelean jarduerarik txalotuenetako bat.

Metal For The Crew Alkartearen eta Beste Jack Kultur Alkartearen lankidetzea dau lehiaketeak. Ikus-entzule leialak ditu, urtero-urtero, batez beste, 5.000 persona bertaratzen baitira era bateko eta besteko artista eta taldeen kontzertuetara.


2018ko edizinoaren laburpena

2018an, parte hartzea inoiz baino handiagoa izan zan, 100 talde baino gehiagok emon ebelako izena. Hautatutako gehienak, 13, Bilbokoak izan ziran aurkeztutako 16tik.

Hautatutako talde eta artisten artean, Bertako Metal eta Pop Rockaren Erakustaldian izan zan talde kopururik handiena Aste Nagusiko kartel batean kideen artean emakumeren bat eben interprete eta taldeen artean: 7, 16tik, kartelean andrazkoak zituenak, eta euretako batzuk proiektuen lider ziralarik. Euskereari jagokonez, taldeetako 4k erabili eben euskerea berbetan.

Erakustaldiak, zortzi egunean zehar, estiloen eta joteko moduen bilduma zabala eskaini eban eta era guztietako gaiei buruzko kantuak be bai. Hasteko, Negracalavera taldearen Punk-High Rock’N’Rolla eta Wicked Wizzard taldearen Stonerra, eta gero soinu leunagoak, adibidez Moikave taldearen Blues Rocka eta Dudu Ouchen taldearen Soula. Poparen ordezkari ugarien artean nabarmendu ziren Marenen ahotsa, Debajo del Paraguas taldearen Pop-rock estiloduna eta Yo, Gerard taldearen Indie Popa. Eta, azken urteotako jokereari eutsiz, rapa ez zan falta izan Xatiroren eskutik.

Era berean, Hard Rock’n’Blues bizienaren muina Nevadah eta Free The Wheel taldeen eskutik etorri zan. Mugako soinuak Mushkum taldeagaz, Funkagaz fusionautako Rockaren jaia Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldeakaz eta, soinu gogorrenak, Aste Nagusiko azken egunetarako: Valkyria, Heavy Metal tradizionalagaz, Hex Death Metalagaz eta, amaitzeko, Black Ocean Witness taldearen Deathcorea eta Gudazaleak taldearen Hardcorea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu