Bigarren diskoa kaleratu dau Deus Ez taldeak

Bizkaie! 2019-05-07 12:21   Musikea

Lehenengo lanak baino doinu helduagoak dakarz Sherpak izeneko honek.

Hirukotea da Deus Ez | Ikusi handiago | Argazki originala

Deus Ez rock talde eibartarra 2016an sortu zan, eta harrezkero izan daben garapenaren erakusle da orain aurkeztu daben Sherpak diskoa. 2017an argitaratu eben lehenengo diskoaren indarrari esker, Amurriock lehiaketea irabazi eben, eta Katapulta zirkuiturako aukeratu zituen.

Taldea ez zan arrakastearen epeletan geldi geratu, bere estiloa garatzen segidu eban, zuzenekoetan oinarrituta eta abesti barriak sortuaz. Haize rockeroago eta sakonagoa emon eutsan ahalegin horrek. Emoitzea Sherpak izeneko bigarren disko hau da. Iruñeko Drum Groove estudioan grabau dabe, Josu Erviti produktorearen gidaritzapean. Masterizazinoaz Victor Sanchez arduratu da.

Diskoaren sustatzaile Promomusikak azaldu dauenez, Deus Ezek ohiko zuztar melodikoei eutsi deutse, baina soinu indartsuago eta helduagoa dau bigarren disko honek. Nortasun handiagoa igarten jako Sherpa-ri.

Disko barriko kantuak zuzenean entzuteko aukera ugari egongo dira hurrengo asteetan, kontzertu zerrenda luzea daukie eta. Barikuan, maiatzak 10, Donostiako Kutxa Kultur Klubean joko dau Deus Ezek, eta zapatuan, Eibarko Ez Dok tabernan. Hurrengo astean, hilaren 17an Amurrioko Burubion izango dira, eta maiatzaren 31n, Iruñeko Subsuelon. Bagilean Bilboko Shake! gunean eta Sopelako Plaza Baltzean ditue hitzorduak, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu