Hamasei argazkilari Barakaldoko Baffest jaialdian
2019-05-07 10:44 KultureaZein da nire tokia? gaiari erantzungo deutsie Sail Ofizialean.
Kalera urtengo dabe argazkiek Baffest jaialdiaren laugarren edizinoari esker, izan be, Barakaldoko kale, plaza eta hormetan ipiniko ditue bertoko zein kanpoko hamasei argazkilariren lanak, maiatzaren 31ra arte. Aurreko urteetako jokereari eutsita, argazkilari guztiak emakumeak dira.
Moltso bitan banatu leitekez Baffesten parte hartuko daben argazkilariak. Batetik, Sail Ofizialekoak dagoz, sei guztira. Miren Pastor komisarioaren gidaritzapean, Zein da nire tokia? galdereari erantzuten ahalegindu dira irudien bidez. Mundua ezagutu, sentidu eta bere egiteko argazkilaritzea erabilten daben sortzaileak izango dira aurtengo Baffesteko protagonistak, beraz.
Bestetik, Euskal Argazkilari Barrien Lehiaketan egongo dira beste hamarrak. Kasu honetan, gai librea izan dabe argazkiak aurkezteko. Maiatzaren 18an jakin eragingo dabe antolatzaileek nor dan irabazlea. Sari horren parte da datorren urtean Sail Ofizialean parte hartzea.
Honeek dira IV. Baffesteko argazkilariak: Laura C. Vela, Bernardita Morello, Carol Caicedo, Ura Iturralde, Cris P. Lareo, Victoria Adame, Aitziber Orkolaga, Eider Moreno, Eli Garmendia, Esther Camacho, Izaskun Luengas, Lola Guerricaechebarria, Miriam Prado, Oihana Garitano, Reyes Sedano eta Rocío López.
Jarduera osogarrien artean, maiatzaren 10ean Victoria Adamen irudien proiekzinoa egingo dabe Landaburu plazan. 12an, ostera, umeak eta familiak izango dira protagonistak, San Bizente parkean. Goizean hasita, tailerrak, Txikifoto jantzan, Trakamatraka... egongo dira. Miren Pastor komisarioak masterclass-a emongo dau hilaren 17an, Integrazino Sozialerako Zentroan.
Azkenik, maiatzaren 18an, eguerdian, bisita gidatuak egingo ditue Baffesteko erakusketetatik, Bide Onera plazan hasita. Roberto Villalón epaimahaikidea, Miren Pastor komisarioa eta aurtengo parte-hartzaile batzuk egongo dira bisitaldietan. Arratsaldean, mahai-ingurua iragarri dabe.
Formatu handiko argazkiak eremu publikoetan jarrita, Baffest jaialdiko antolatzaileek argazkigintza garaikide eta dokumentala Barakaldoko herritarrei hurreratu nahi deutsie, eta eguneroko gaiei bestelako ikuspegia eskaini. Uria goitik behera eraldatuko dau Baffestek, hainbat kale eta plaza museo txiki bihurtuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!