Hiru emakume ikerlariren lana autortu dau Ikerbasquek
2019-05-07 08:05 Pil-pileanMaribel Arriortua, Aitziber López Cortajarena eta Maia García Vergniory dira sarituak.
Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa egon dira euskal emakume ikerlarien autortzarako lehenengo ekitaldian. Aurreneko edizino honetan, hiru lagun saritu ditue, ikerketa zientifikoan egin daben bide oparoagaitik. Maribel Arriortua, Aitziber López Cortajarena eta Maia García Vergniory dira.
Bakotxa atal baten sairtu dabe: Arriortua karrera osoaren arloan; López Cortajarena esparru bateko lidergoagaitik; eta García Vergniory ikertzaile gaztearen atalean. Euskal Autonomi Erkidegoko 300 zientzialariren artean aukeratu ditue hiru irabazleak, bakotxaren ekarpen zientifikoa aintzat hartuta. Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin dau hautaketea.
Autortza honen bitartez, Ikerbasquek gainditu egin nahi ditu genero-estereotipoak, emakume ikertzaile asko karrera zientifikoei uko egitera bultzatzen dabenak, eta beste batzuetan euren lana gizonen gerizpean izkutau. Emakume ikertzaile distiratsuon karrerak bistaratu eta zientziari egindako ekarpena autortuta, ondorengo belaunaldien eredu bihurtuko diralakoan dago Ikerbasque.
- Maribel Arriortua: EHUko Kristalografia eta Mineralogiako katedraduna da 1992tik, eta bertan prestaturiko lehenengo emakume irakasle titularra izan zan. IMaCris/MaKrisI ikerketa-taldea sortu eban eta aitzindaria izan da ingurumen zein energiaren esparruan aplikau leitekezan sistema multifuntzionalei buruzko ikerketan. 2010ean, Euskadi Ikerketa Saria emon eutsien Zientzia eta Teknologia modalidadean, eta 2012an, Jakiundeko kide oso izentau eben.
- Aitziber López Cortajarena: Proteinen injinerutzearen arloko lidertzeagaitik autortu dabe. EHUn Biokimikan doktore, zazpi urte egin zituan Estadu Batuetako Yale Unibersidadean, proteinen diseinu, egitura eta funtzinoei buruzko zereginetan. 2011n Europara itzultzea erabagi eta ikerketa-taldea sortu eban Madrilen, nanoegitura biofuntzionalen sorkuntzarako proteinak diseinatzeko asmoz. 2016an, Ikerbasque Research Professor lez heldu zan CIC biomaGUNE zentrora, Nanoteknologia Biomolekularreko taldea zuzentzeko, ERC-Consolidator Grant ikerketa arloko laguntzino garrantzitsua jasota.
- Maia García Vergniory: Material topologikoen esparruan egindako ekarpen nabarmenagaitik saritu dabe. Materia kondensaduaren fisikan doktorau zan EHUn. Ondoren, Max Planck Institute of Microstructure Physics zentroan lan egin eta doktorego ondoko egonaldia egin eban Estadu Batuetako Lawrence Berkeley National Laboratoryn. Egun, DIPCi atxikitako Ikerbasqueko Ikertzailea da material topologikoen atalean. 2017an L'Oreal-Unesco for Women in Science saria jaso eban eta 2018an QUO 2018 zientzia-selekzinoko kide izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!