Arrigorriagako Clown eta Pailazo Jaialdiak 7.000 ikusle izan ditu

Bizkaie! 2019-05-06 08:47   Kulturea

Barikutik domekara, hamabi konpainiak hartu dabe parte.

Peep Viyuelaren ikuskizuna (argazkia: Arrigorriagako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arrigorriagako Udalak dino oso arrakastatsua izan dala XXIV. Clown eta Pailazoen Jaialdia, publikoaren erantzun onagaitik zein aniztasun eszenikoari jagokonez. Barikuan hasi eta atzo amaitu zan kaleko festibala, eta antolatzaileen kalkuluaren arabera, 7.000 ikus-entzule baino gehiago erakarri ditue ikuskizunek. Hau da, igazko edizinoan baino 2.000 gehiago.

Berez kaleko ikuskizunen jaialdia da Arrigorriagakoa, baina euria danean kiroldegira aldatzen dabe agertokia, programautako ekitaldi guzti-guztiak egin daitezan. Aurten, barikuan eta zapatuan eroan zituen ikuskizun batzuk kiroldegian. Domekan, ostera, Udaletxearen Plazan izan ziran, eguzkia lagun.

Ale Risorio argentinarren La Kermese de Ernestor lanak zabaldu eban egitaraua, barikuan, eta Capicua konpainiaren Koselig izan zan azkena, domekan. Bertoko eta kanpoko dozena bat konpainia konbidau ditue oraingoan. Horrezaz gan, umeentzako Akelar Saloon Magikoa gunea ipini dabe egunotan ikastetxean, magia eta umore tailerrakaz.

Amaitu da, beraz, Clown eta Pailazo Jaialdi arrakastatsua. Datorren urtean mende laurena beteko dau hitzorduak, eta edizino berezi horri begira dagoz antolatzaileak. Dana dala, aurten gogoz geratu danak Playmobilen inguruko erakusketea zabalik dauka maiatzaren 17ra arte, Arrigorriagako udaletxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu