Jose Luis Ansorena hil da

Bizkaie! 2019-05-02 11:05   Musikea

Musikearen munduko ekintzailea eta Eresbilen sortzailea izan zan.

Jose Luis Ansorena | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Luis Ansorena 1928an jaio zan Donostian, baina Errenteriako herriagaz euki dau loturarik handiena azken hamarkadetan. Gipuzkoako uriburuko konserbatorioan ikasi eta gero, Altsasuko kaputxinoen komentura joan zan gaztetan, erlijinoa eta musikea ikasten. 1953an abadetu zan.

Musikearen alorreko aditu handia izateaz gan, ekintzaile eta hainbat proiekturen bultzatzaile izan zan Ansorena. San Antonioren Eskolania eta San Antonioren Gazteria Iruñean, eta San Antonioren Gazteria Zaragozan bere bultzadaz sortu ziran.

Behin Errenteriara bueltan, Andra Mari eta Parrokiako Gaztedia abesbatzak sortu zituan, baita umeen korua, emakumeentzako Alai zortzikotea eta Oiñarri gazte-abesbatzea be. Hori gitxi ez, eta bera hasi zan Errenteriako Musikaste jaialdia antolatzen, 1973an. Eusko Ikaskuntzako Musika Atalaren presidente be izan zan aldi bitan.

Euskal musikagile eta konpositoreen inguruko ikerlanak idazteaz gan, euskal musikea be aztertu eban sakon. Txistuaren inguruan egindako lanak nabarmenak dira.

Euskal musikearen ondarea batu eta gordeteko asmoz, Eresbil proiektuari ekin eutsan orain dala urte batzuk. Egoitzea Errenterian bertan daukan erakunde horrek aberastasun ikaragarria batzen dau gaur egun, Jose Luis Ansorenaren hasierako bultzadeari esker.

Musikearen eta ondarearen alde egindako lanagaitik, Manuel Lekuona Saria emon eutsien 2011n, eta Errenteriako Seme Kuttuna be bada. Bere ibilbidean jasotako beste sari batzuk dira Txistulari Alkartearen Urrezko Dominea eta Andra Mari Abesbatzearen Urre eta Diamantezko ikurra. 91 urte betetear zala hil da Jose Luis Ansorena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu