Emakume konposatzaile isilduen lanak ardatz Bilboko 'XII. Musikea Dibertigarria da' zikloan
2019-05-02 09:15 MusikeaHelburua musika klasikora eta hain ezagunak ez diran beste estilo batzuetara ikus-entzule barriak erakartea da.
Bilboko Udalak Musikea Dibertigarria da programearen beste edizino bat jarriko dau martxan maiatzaren 3an. Ekimen horren helburua gure uriko biztanleen artean musikarako eta, batez be, musika klasikorako, zaletasuna piztea da. Maiatzaren 3, 10, 17 eta 18an, Bertendona Institutuak, familia osoari zuzendutako kontzertu didaktikoak jasoko ditu. Kontzertu horreetan musika klasikoa, zarzuelea eta operea entzun ahal izango dira.
Aurten hamabigarren edizinoa beteko dauen zikloaren helburu nagusia entzuleak zuzeneko musikara hurreratzea da, musika horren ezagutza eta gozamena bultzatuz, ikus-entzule barriak erakarriz. Programazino didaktikoa barikuan hasiko da, historiako emakume konposatzaile handiak berreskuratu gura dituan errezitaldiagaz; Isilarazoak: konposatzaile emakumezkoak historian izenburuko errezitaldiari Lorena Ferreirok jarriko deutso ahotsa, Georgina Barriosek pianoan lagunduta, eta emakume konposatzaile ezezagunen lan ederrak entzuteko aukeera eskainiko jake entzuleei. Konposatzaile horreetatik gehienak nahita geratu ziran historiatik baztertuta, eta sarri askotan izenordeen azpian ezkutatu edo euren egiletzeari uko egin behar izan eutsien. Errepertorioan entzungo ditugun lanen egileen artean, besteak beste, Emiliana Zubeldia, María Rodrigo, Pauline Viardot, May Beach edo Liza Lehmann dagoz.
Bigarren kontzertu didaktikoa maiatzaren 10ean izango da, eta EHU Orkestra Sinfonikoaren eskutik etorriko da. Doru Artenieren zuzendaritzapean, Barrokotik XX. mendera bitarteko lanetan oinarritutako errepertorioa eskainiko dAu. Haendelen, Vivaldiren edo Debussyren intimismotik, Straussen edo Warlocken pozera eta mobimentura, Mozarten indarra ahaztu barik. Kontzertu atseginari Susana Zabacok jarriko deutso ahotsa, eta, errepertorio zabalagaz sendotu egiten dan orkestra gazteak, EHU/UPVko hogeita hamar ikasle inguruk osotutakoa, erakutsiko dau.
Maiatzaren 17a Zabalguneko Abesbatza Taldearen txandea izango da, Maitasuna eta umorea Zarzuelan izeneko kontzertuagaz. Genero liriko bikain eta ezezagun horrek, gizarteagaz hartu-emonak izateko ezinbesteko loturak erakusten ditu. Gure bizitzetan ezinbestekoa dan maitasuna, eta momentu gogorretan beharrezkoa dan umorea. Antologia horretan, Ana Begoña Hernándezen zuzendaritzapean, Adhara Martínezek (mezzo-sopranoa) eta Tirso Apariciok (baritonoa) maitasunaren eta umorearen apologia egingo dabe.
Programearen aurtengo edizinoa maiatzaren 18an zarratuko da, Javier Navascuések eta José Manuel Cachok (biolinak), Víctor Jiménezek (pianoa) eta Oihana Landak (flauta) osotutako Impromptu laukotearen proposamen interesgarriagaz, Johann Sebastian Bachen lan garrantzitsuenetako batzuetan oinarritutako errepertorioa eskainiz, izan be, ahots aditu batzuen eretxiz, sasoi guztietako konposatzaile onena da, gizatasun sakonena dauen musikearen sortzailea. Halan da be, hiltean, haren lanak zaharkituta egozala esan eben, eta XIX. mendearen erdialdera arte itxaron behar izan zan, haren kalidade parebakoa aintzat hartzeko.
Ohikoa danez, kontzertu didaktiko guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta sartzea librea izango da. Ordubete lehenagotik, 18:30etik aurrera, jaso ahal izango dira institutuan bertan, leku guztiak bete arte. Kontzertua hasi ondoren ez da aretora sartzen itxiko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!