Basque Team-ek eta Urremendi-k Busturialdean kirolaren balioak bultzatzeko akordioa sinatu dabe
2019-04-30 16:16 Pil-pileanHitzarmena 2030 Agenda eta Garapen iraunkorreko 17 helburuak aintzat hartuta zarratu dabe.
Nazinoarteko txapelketetan euren parte hartzea bultzatzeko goi mailako euskal kirolariei baliabideak eskaintzea helburu dauen Basque Team Fundazinoak eta Busturialdeko eskualdearen garapena helburu dauen Urremendi Landa Garapen Alkarteak kolaborazino hitzarmena sinatu dabe gaur Gernikan. Hitzarmena 2030 Agenda eta Garapen iraunkorreko 17 helburuak aintzat hartuta zarratu dabe. Sinaduran eta horren ondoren Urdaibaiko Ekoetxean ateratako argazki saioan izan dira Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta Aitziber Ansotegi Urremendi Alkarteko gerentea.
Urremendik helburu ditu nekazaritzea eta landa ingurune osoaren funtzino-aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatu ekonomia, gizarte ingurumena eta kultura arloetan, jente gitxitze prozesuak eragotziz; baserri-inguruaren oinarrizko nortasun seinaleak gorde, nekazaritza elikadura enpresakaz, nekazaritza-turismo, nekazaritza ekologikoa eta baserri-inguruan proiektu endogenoen garapenari ekiten deutsien beste edozein enpresagaz lehian jardun, nekazaritzearen gaitasun konpetitiboa sustatu; baserri-inguruko empresa eta egitura ekonomikoen lehiakortasuna handitu eta administrazino ezbardinen eta erakunde publikoen ekintzak eta arauak integrau.
Urremendiren asmo nagusia herrien nortasuna eta euren garapena sustatzea da, bai gune txikiena bai baserri-inguruan bizi diran personena be, azken finean, oinarrizko zerbitzu guztiak eskaintzea, bizitza kalidadea hobea izateko. Esangura horretan, Urremendi alkarteak interesa dauka kirolagaz lotuta Basque Teamen balioak zabaltzeko, besteak beste, aniztasuna, gainditze ahalmena, personen integrazinoa eta kirol-kulturearen sustapena gizartearen elementu eratzaile legez. Hori dala eta, hitzarmen honen bitartez, Urremendik, Basque Teamegaz batera, balioak transmitiduteko eta eskualdean aberastasuna sortzeko kirolak dauen garrantzia zabaltzeko asmoagaz, ekintzak antolatzeko konpromisoa hartzen dau.
Basque Team, hezkuntza eta enpresa arloan bere Baloreetan BAT proiektuagaz koherentzian lan eginda, Garapen Iraunkorreko 2030 Agendearen testuinguruan, Urremendik bultzatutako ekintzetan parte hartzen konprometiduten da, errespetua, genero bardintasuna, ingurumenaren babesa, kalidadezko hezkuntzea, pobrezia zuztarretik atera, bizitza osasuntsua eta hazkunde ekonomiko iraunkorragaz lotutako gaietan.
Gaur sinatutako hitzarmena aintzat hartuta, aurten programautako hainbat ekintza egingo dira:
- 2019ko maiatzaren 3an, 18:30, Euskal Herria Museoan (Gernika-Lumo): Kirolean bardintasuna bultzatzeko arratsaldea ospatuko da Emakumezko kirolarien eguneroko errealidadea: ezagutzen doguna eta izkutuan dagoana. Ane Barandiaran softball jokalaria eta Naiara Gomez piraguista ohia eta Basque Teameko enbaxadorea izango dira bertan. Ganera Eusko Jaurlaritzeak eta Basque Team Fundazinoak Zure taldekoak gara kirol arloan sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenaren kontrako arreta zerbitzua zer dan azalduko da.
- Bagilaren 13an, Ekoetxea Urdaibai: Kirol-ekintzailetzaren inguruko jardunaldia.
Bagileko azken astean, Gernikan-Lumon: Kirol egokituaren inguruko jardunaldia, errubera-jarlekuko saskibaloi clinic-agaz.
- Urrian: Berbaldiak eskualdeko hezkuntza-zentroetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!